Itxi

Zinema

Estreina

"Hil kanpaiak" zinema aretoetara iritsi da

eitb.eus

Imanol Rayo zuzendariaren bigarren film luzea da “Hil kanpaiak”, EiTBren parte-hartzea du eta Itziar Ituño, Eneko Sagardoy eta Yon Gonzalez dira protagonistak.

  • Itziar Ituño

    Itziar Ituño, "Hil kanpaiak" filmaren protagonista. Argazkia: David Herranz.

Zinemaldiko New Directors ataletik pasatu eta gero, azaroaren 20an, ostiralarekin, Hego Euskal Herriko zinema aretoetara iritsi da “Hil kanpaiak” Imanol Rayok (“Bi anai”) “33 ezkil” Miren Gorrotxategiren eleberrian oinarrituta zuzendu duen film luzea.  

Tragedia ukituak dituen thrilerra da filma, eta garapenean han-hor-hemenka agertuko dira “hilotz zahar eta berriak, anaien arteko herra, belaunaldien arteko talkak, zigortu gabeko hilketak, ezinikusia, mendekua…”.

Eneko Sagardoy. Argazkia: David Herranz 

Itziar Ituño, Eneko Sagardoy eta Yon Gonzalez dira filmaren protagonistak, eta alboan dituzte Asier Hernández, Iñigo Aranburu, Dorleta Urretabizkaia, Josean Bengoetxea, Kandido Uranga, Patricia López Arnaiz, Andrés Gertrudix eta Itsaso Arana.

Yon Gonzalez. Argazkia: David Herranz

Rayoren hitzetan, “film honetako familiak ez du batere antzik Gabonetako iragarkietako protagonistekin. “Hil kanpaiak” genero beltzetik abiatzen da tragediarantz joateko”.