Itxi

Zinema

Martxoak 15-20

"Dardara" Berri Txarraken dokumentalak irekiko du Punto de Vista jaialdia

N.V. | EITB Media

Marina Lameirok “Ikusi arte” biran egindako lanaren estreinaldia izango da, eta Amos Vogeliren atzerabegirakoa ere eskainiko du Nafarroako zinema jaialdiaren 15. edizioak.

  • Berri Txarrak, "Dardara"

    "Dardara" Berri Txarraken agur biran grabatutako pelikula da

2021eko martxoaren 15etik 20ra egingo da Punto de Vista ez-fikziozko zinemaren Nafarroako jaialdiaren 15. edizioa, eta arduradunek edizioaren lehen xehetasunak aurkeztu dituzte gaur, abenduak 17.

Dardara Marina Lameiro zinemagileak “Ikusi arte” Berri Txarraken agur biran grabatutako filmak inauguratuko du jaialdia, martxoaren 15ean, Sail Ofizialaren barruan baina lehiaketatik at. Lameirok erretratu koral bat eraiki du, eta munduko hainbat lekutatik jasotako istorioak eta Gorka Urbizuren hausnarketak ditu ardatz lanak.

IRAKURRI Gorka Urbizuri eta Marina Lameiro zuzendariari "Dardara"ri buruz egin genien elkarrizketa:

"Berri Txarrakek sentiarazi eta biziarazten dituen emozioak ditu ardatz 'Dardara'k"

Jaialdiak, bestalde, azken edizioen eskemari eutsiko dio. Zazpi atal nagusi izango ditu: Sail Ofiziala, Atzerabegirakoak, Dokbizia, Punto de Vista Labs, Foku Garaikideak, Saio Bereziak, X Films proiektua eta Hezkuntza Programa.  

Gainera, 2021eko Punto de Vistak atzera begirako zikloa eskainiko dio Amos Vogeli, Nafarroako Filmotekan. Vogelek, Vienan jaiotako zinema programatzaileak, CINEMA 16 sortu zuen New Yorken. Irabazi asmorik gabeko elkarte horrek zinema komertzialetan ikusi ezin ziren 16mm-ko filmak proiektatzen zituen. 50eko hamarkadan, elkarte garrantzitsuenetako bat izan zen New Yorkeko kultura giroan, eta haren bazkideen artean izen ospetsu ugari zeuden, hala nola Maya Deren, Jonas Mekas, John Lennon eta Leonard Berstein. 

Punto de Vistako antolatzaileak hainbat aukera aurreikusten hasi dira jada, martxoan eman daitekeen osasun egoerari erantzuteko, eta saio presentzialak ohiko egoitzetan eman ahal izatea da beraien helburua.