Itxi

Zinema

''Dardara''

"Berri Txarrakek sentiarazi eta biziarazten dituen emozioak ditu ardatz 'Dardara'k"

Natxo Velez | eitb.eus

Udaberrian iritsiko da Marina Lameiro zinemagileak Berri Txarraken “Ikusi arte” biran filmatutako pelikula, “Dardara”. Lameirok eta Gorka Urbizuk berorri buruz hitz egin digute.

2:26

Urtebete da jada Iruñeko gau hotz eta umel hartatik. Urtebete, milaka pertsonaren "Oihu" kolektibo eta ezin ozenago haren azken akordea, setati, durundika ari dela, behar dutenei heldulekua eskainiz, soinu uhin hilkorren naturari entzungor. Haria ez da eten. Ia 400 egun joan dira jada Berri Txarraken azken emanalditik, eta, tarte horretan, agur edo "ikusi arte" bat bizi izan dugu, eta baten bat gehiago ere, agian; hamaika ezusteko eta bat gehiago etorri zaizkigu 2020 dontsuan, hori seguru; eta, zeinek daki, zoriontasun lipar bat edo beste ere izango zen, akaso, hor nonbait, halabeharraren ondorioz bada ere.

Lan gogorraren aldeko gorazarrearen eta nostalgia prebentiboaren eztanda hartatik urtebete joan denean, 2019ko azaroaren 23 hartako besarkada kolektibo eta zintzo urrun haren –non gelditu dira besarkadak? non zintzotasuna?– zantzuek iristen jarraitzen dute, Berri Txarraken kantu eternaletan betiko, eta laster Dardara pelikulan ere.

Gorka Urbizurekin eta Marina Lameiro filmaren zuzendariarekin hitz egin dugu, “Ikusi arte” biran EiTBren parte-hartzearekin errodatutako filmaz.

Gorka. Zergatik jo zenuten Marina Lameirorengana filma egiteko?

Gorka Urbizu: Argi geneukan zinemarako zerbait nahi genuela, dokumentazio hutsetik eta efektismotik aldendutako zerbait sortuko zuen zinemagile bat. Era berean, uste genuen “kontsakratu” gabeko norbait behar genuela, ikuspegi ezberdin eta pertsonala izango zuen norbait.

Zinema munduko gomendio baten bidez iritsi ginen Marinarengana, ikusi genuen irizpideetako asko betetzen zituela eta bera ere prest agertu zen abentura honetan murgiltzeko.

Rock talde baten birara hurbiltzeko modu asko daude. Nondik begiratzen dio Dardara-k “Ikusi arte” birari?

Marina Lameiro: Dardara-ren abiapuntua da taldeak zaleei beraiekin batera egindako 25 urteko ibilbideagatik esker ona agertzea eta agur bira hori zinematografikoki erregistratzea. Hortik abiatuta, pelikularen ardatza mundu zabaleko hainbat tokitako (Euskal Herria, Alemania, Mexiko, Japonia…) jarraitzaileek Berri Txarrakekiko pasioa nola bizi duten erakustea izan behar zen soilik, baina horrela pelikula ikusiko zuten zaleentzako garrantzitsuena, taldea bera, kanpoan uzten ari ginela konturatu ginen Arena Comunicación eta Txalap.art ekoizleekin batera. 

Gainera, Gorka taldearen “une gorenean” geldialdi mugagabea egitera eraman duten arrazoiak ere erakutsi nahi genituen pelikulan. Pelikulak arrazoi horiek aztertzen ditu, eta Gorkari jarraitzen dio, musikari eta sormen prozesuari buruzko bere hausnarketetan zehar.

Birako hainbat agertoki ezberdinetan ere, taldearen atzetik ibili gara, musikarien lana nolakoa den eta publiko orokorrak ikusi ohi ez duena erakusten saiatzeko.

Nola islatu duzue ikuspegi hori 98 minutuan? Zer aurkituko du Dardara-ren ikusleak?

Marina: Zaleei laguntzen diegu, biratik kanpoko beren bizitzen hainbat unetan eta kontzertuetan behatzen diegu. Taldeak sentiarazten eta biziarazten dizkien emozioak ditugu ardatz. Minutu batzuetan beren bizitzetan sartzen gara, eta taldearekiko beren pasioa ulertzen dugu, beren bizitzetan zer eragin duen.

Zuzenekoak erakusteko orduan, itzuri egin diegu irudi ikusgarriei. Asmoa ez da izan zuzeneko baten superprodukzioa egitea, ezpada txikira jo dugu, zehaztasunetara, agertoki baten aurretik –hortik bizi behar izaten dira kontzertuak– ikusten ez diren gauzetan sakondu dugu. Pelikula ikusten duenak kontzertua bizitzen ari den pertsona baten lehen planoak aurkituko ditu, aurpegia ikusteko denbora nahikoarekin.

Marina Lameiro: "Agertoki baten aurretik ikusten ez diren gauzetan sakondu dugu"


Pelikulak sortzailearen, obraren eta publikoaren arteko harremana aztertzen du. Hiru elementu horiek osatzen dute Dardara. Berriren musika pelikularen elementu narratibo bat gehiago da, ezein kantu ez dago ausaz jarrita eta berorien edukia narrazioaren zati bat da.

Entzuleez ari garela, nola bizi (izan) duzu jendearengan eragin handia izateko ahalmen eta, aldi berean, zama (“amildegiaren hegiko dantza” hori)?

Gorka: Horrek batzuetan badu zerbait arduratik, baina saiatzen naiz ez obsesionatzen. Komunikatzeko bide bat daukat eta horrek ere balio dit egiten dudana serio(ago) hartzeko. Eta, batez ere, hori da sortzaile batek jaso dezakeen gauzarik ederrena: bestaldean norbait badagoela sentitzea eta kantuek zubi lan izugarria egiten dutela gure artean. Sorkuntza norabide bikoitzeko errepidea da beti.

Bira amaitu eta sentimenduak apur bat beratzeko astia izan eta gero, zer etortzen zaizu burura “Ikusi arte” birari buruz pentsatzean?

Gorka: Urteekin, egindakoak are dimentsio handiagoa hartuko duelako sentsazioa daukat. Gauza garrantzitsu asko pasa ziren urte bakarrean, 25 urtetan landutakoaren buelta-edo, eta biraren zurrunbilo horren baitan batzuetan zaila zen gauzak merezi duten patxadaz bizi eta baloratzea. Ez sinestekoa da jendeak talde honi eman dion eta oraindik ere ematen dion guztia.

Gorka Urbizu: "Ez sinestekoa da jendeak talde honi eman dion eta oraindik ere ematen dion guztia".

Marina, zerk harritu zaitu gehien Berri Txarrakek jendearen bizitzetan duen pisuari buruz?

Marina: Hitz egokia ez da harritu… Nik ere ez dakit zein den hiz egokiena, baina liluramendu-tik gertu egon liteke.

Liluratu nau Mexikoko herri txiki bateko mutiko bat, sare sozialetan Berri Txarrakek Nantesen ikusle bakarrarentzat jo zuela ikusi eta gero, Berri Txarrakekiko pasioarekin kutsatu izana, eta sortu zuen taldeari Berriren kantu baten izena jartzea: Zimelkor. Liluratu nau 2008ko Fuji Rock jaialdian kasualitatez ezagutu zituen japoniar emakumezko batek 11 urte itxaron izana berriz ikusteko, eta bere bizitzan lehenengoz joan izana rock taberna batera (eta bakarrik) berriz ikusteko; mutiko batek beraien kantuetan aurkitu izana —agian— bere bizitzako erabakirik garrantzitsuena hartzeko kuraia.

Pertsona bakoitzak historia bat du, eta denak iruditzen zaizkit zoragarriak. Batzuk beste batzuk baino harrigarriagoak izan litezke, baina pertsona bakoitza mugiarazten duena hil edo bizikoa da.

Nola harrapa daiteke zuzeneko baten energia kameraren bidez? Eta, aitzitik, nola balia daiteke hausnarketak ekarritako sakontasuna kontzertua bezain gauza bat-batekora gerturatzeko?

Marina: Nire apustua batez ere aurpegien bidez egitea izan da. Egia da plano ikusgarriekin, aldaera askorekin, taldekideen eta publiko asaldatuaren planoak tartekatuz, editatze oso azkar batekin, huts egingo ez dizun formula bat daukazula; baina niri ez zitzaidan interesgarria iruditzen ikuspegi zinematografikotik. Ez daukat ezer lan egiteko modu horren aurka, eta erabili egin dut bideoklipetan eta gisa horretako beste lan batzuetan, baina pelikula honetan haratago jo nahi nuen. Ezinezkoa da zuzeneko baten energia erreproduzitzea.

Grabatu duzun kontzertu baten irudiak biharamunean ikusten dituzunean, konturatzen zara ez duela bizi izan duzun horretatik ezer. Eta kontzertu baten errealizazioaren irudiak ikusten dituzunean, berdin. Zuzeneko kontzertu bat bertatik bertara bizi behar da. Nik irudiaren eta soinuaren bidez bizipen hori handiagotu nahi izan dut. Plano gertuko eta luzeak erabiliz, ikusleari behaketa ahalbidetu.

Marina Lameiro: "Esplorazio zinematografiko horren eta zaleek espero duten pelikularen arteko oreka aurkitzen saiatu naiz"

Prozesu honetan, mugarria grabatu nuen lehen kontzertua izan zen, Lekunberrin, kamera publikoko lehen ilarara begira jarri nuenean. Inoiz lehen ilaretako pertsonei horrenbeste denboraz begiratu gabea nintzen ordura arte. Normalean, taldea ikustera joaten zara kontzertura, eta, nahiz eta ingurukoari bistadizoa egin, benetan axola dizuna aurrez aurre duzuna da. Niretzat, oparia izan zen pertsona horiei begiratu ahal izatea, sentitzen ari zirena, nola abesten, dantzatzen, oihukatzen eta negar egiten zuten ikustea.

Orduan, aurpegi horietatik ahalik eta gertuen egon behar nintzela pentsatu nuen. Berriren zaleen aurpegietatik hur. Baina, aldi berean, plano orokorra ez nuen pelikulatik kanpo utzi nahi, banekien jarraitzaileentzat garrantzitsua zela aurpegi horien inguruan gertatzen ari dena ikustea, eta esplorazio zinematografiko horren eta zaleek espero duten pelikularen arteko oreka aurkitzen saiatu naiz.

Gorka, zinemaz ari garela, zein harreman duzu zinemarekin? Zer pelikulak sentiarazi dizute “dardararik” edo zeinek utzi dizute arrasto sakonena?

Gorka: Ez naiz aditua, baina zalea banaiz eta saiatzen naiz nobedadeak jarraitzen eta pelikula zaharrak deskubritzen. Izen asko eman nitzake, baina, etxekoen alde egitearren, Moriartitarren zalea naiz, esaterako.