Itxi

Zinema

Tabakalera

Buñuelen zikloa eta Zinemaldiaren proposamenak, Tabakaleraren urteko programazioan

N.V. | EiTB Media

Nosferatu zikloak Luis Buñuelek zuzendu zituen 32 filmak eskainiko ditu, eta Donostiako Zinemaldiak urte osoan proposatuko ditu pelikulak.

1:19
Filmeko irudi bat. ETBko bideo batetik hartutako irudia.

Tabakalerak 2021erako zinema denboraldi berria aurkeztu du. Urtarrilaren 6an, asteazkenean, Nosferatu zikloa hasiko da, 2021ean Luis Buñuel (Calanda, Teruel, 1900 – Mexiko Hiria, 1983) zinemagile espainiarrari eskainita.

Lehen egunean, bere lehen bi filmak proiektatuko dira: Un perro andaluz (Un chien andalou, 1929) eta La edad de oro (L’Âge d’or, 1930).

Atzera begirakoak Aragoiko zinemagilearen 32 filmak eskainiko ditu urtean zehar. Programazio hori osatzeko, Buñuel + PLUS izeneko beste 13 saio egingo dira, non Buñuelen bizitzarekin eta lanarekin lotura duten filmak proiektatuko baitira. 

Zinemaldia, pantailan urte osoan

Zinemaldiak, 2021etik aurrera, ekarpenen bat egingo du hilero. Zinemaldia + PLUS izenburupean, “Lehiaketari lotutako zinemagileen lanak eta pentsamendu eta gogoeta programak jasoko ditu pantailan hilero, sorkuntzari laguntzeko eta talentu berriak prestatzeko”, Tabakaleratik azaldu dutenez.

Zinema eta Zientzia eta Kimuak

Horrez gain, 2021eko urtarrilean Euskadiko Filmategiak Zinema eta Zientzia zikloari ekingo dio berriro, kultura zinematografikoa eta kultura zientifikoa helarazteko helburuarekin. Ohi denez, emanaldi bakoitzarekin batera, prestigiozko nazioarteko zientzialariek aurkezpenak eta solasaldiak egingo dituzte.

Halaber, urteko lehen hiruhilekoan, Filmategiak Kimuak 2020 programako film laburrak programatuko ditu, publiko orokorrarentzat lehen aldiz.

Gainera, Etxepare Euskal Institutuak Euskadi eta Quebecen artean egingo duen kultur trukea dela eta, 2021eko bigarren hiruhilekoan Euskadiko Filmategiak Quebeceko zinema berrian jarriko du arreta, Quebeceko Zinematekarekin elkarlanean sortutako programa baten bidez.

Urteko fokuak bestalde, Patric Chiha, Pietro Marcello, Alice Rohrwacher eta Kelly Reichardt zinemagileen obran zuzenduko dira.