Itxi

Zinema

Aurkezlerik gabe

Eddie Murphyk ez du Oscar sarien banaketa ekitaldia aurkeztuko

Erredakzioa

Lanari uko egin dio aktoreak, ekitaldia ekoitzi behar zuen Brett Ratner zuzendariak dimisioa aurkeztu ondoren. Ratnerren komentario homofobo eta sexualek piztutako polemikak ekarri du hau dena.

Eddie Murphy aktoreak ez du Oscar sarien banaketa ekitaldia aurkeztuko, Hollywoodeko Zinema Akademiak jakitera eman duenez. Ekitaldia ekoitzi behar zuen Brett Ratner zuzendariak dimisioa aurkeztu ondoren egin dio Murphyk uko galaren aurkezlea izateari.

Zuzendaritzan izandako aldaketek eragin omen dute Murphyren erabakia. ''Ekitaldian parte hartzeko irrikan nengoen. Dena den, ziur naiz produkzio talde berriak lana bikain egingo duen aurkezlea aurkituko duela'', esan du.

Brett Ratner zuzendariaren dimisioa

Besteak beste, 'Hora punta', 'El dragón rojo' eta 'X-Men: La decisión final' pelikuletako zuzendaria da Brett Ratner. 2012ko Oscar sarien banaketa ekitaldia egoitzi behar zuen Ratnerrek, baina, dimisioan aurkeztu du astearte honetan, hainbat komentario homofobo eta sexualek piztutako polemika dela-eta.

''Entseguak maritxuen kontuak dira'', esan zuen Oscar sarien banaketaren galaren inguruan. Bertako komunikabideek iragarri dutenez, aste honetan bertan, masturbazioaz, pubis-ileaz, barrabilez eta Lindsay Lohanekin ustezko sexu harremanetaz aritu da irratsaio batean, eta hauek guztiek polemika suspertu baino ez dute egin. Azkenean, dimisioa aurkeztu du Ratnerrek, eta barkamena eskatu du eskutitz batean.

2012ko Oscar sarien banaketa ekitaldia otsailaren 26an egingo dute, Los Angeles hiriko Kodak antzokian.