Zinema
Pelikulak, euskaraz
Filmazpit: zinema euskarazko azpitituluekin sustatzeko programa
Erredakzioa
filmazpit.eu webgunean, euskarazko azpitituludun pelikulen katalogoa sortu dute, eta euskarazko azpitituluen datu basea ere badago bertan. Eusko Jaurlaritzak sortutako ekimena da Filmazpit.
Abian da Filmazpit euskarazko zinema bultzatzeko programa. Eusko Jaurlaritzak jarri du martxan, pelikulak jatorrizko bertsioan eta euskarazko azpitituluekin eskaintzeko helburuarekin.
Horretarako, euskaraz azpidatzitako ikus-entzunezko hamar programa ekoitziko dira. Euskal Autonomia Erkidegoan egiten diren bost zinemaldi aukeratu dituzte (Giza Eskubideen Zinemaldia, Animabasauri, Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astea, Zinebi, eta Mendi Zinema), eta, programa horren bidez, pelikula horien euskaraz azpidatzitako jatorrizko bertsioak doako kultur emanaldi ez komertzialetan emateko eskubideak erosiko dira.
Donostia Kultura arduratuko da programa kudeatzeaz, Donostiako Zinemaldiarekin, Euskadiko Filmategiarekin eta Tabakalerarekin batera. Filmazpitek 123.357 euroko aurrekontua izango du 2011n (kopuru horretatik, Eusko Jaurlaritzak 95.800 euro jarri ditu).
Katalogoa, filmazpit.eu webgunean
filmazpit.eu webgunean banaketa eskubideak erosita dituzten pelikulen katalogoa eta azpitituluen batua basea eskaintzen dute. Ekimenak, beraz, bi aukera jartzen ditu mahai gainean.
Alde batetik, banaketa eskubideak erosita dituzten eta dagoeneko azpitituluak barneratuta dituzte pelikulen katalogoa. Filmak, irabazi asmorik gabeko emanaldiei daude zuzenduta (kultur erakundeek, elkarteek, zineklubek... antolatutako emanaldiak). Bost film luze eta zazpi film labur daude oraingoz bertan, baina urtero hamar film berri gehitzea espero dute.
Bigarren aukera, azpitituluen datu basea da. Doan jaitsi ditzakete, bai erabiltzaile arruntek zein programatzaileek. Azken haiek egile eskubideak ordaindu eta proiekzio baimenak kudeatu beharko dituzte.