Zinema
Gasteizen
"Akelarre", "Ane" eta "Baby", Euskal Zinemaren Asteko protagonistak
N. V. | EITB Media
Proiekzioak Dendarabako lehen solairuan izango dira, otsailaren 22tik 27ra, 18:30ean hasita.
-
"Ane" Gasteizen filmatu eta girotutako filma otsailaren 25ean egongo da ikusgai
Gasteizko Euskal Zinemaren Astearen 37. edizioak 2020ko euskal pelikula azpimarragarrienetako batzuk erakutsiko ditu, hala nola “Akelarre”, “Ane” eta “Baby”. Guztira, bost film luze eta bost film labur eskainiko dituzte otsailaren 22tik 27ra, Gasteizko Dendaraba merkataritza-gunean.
Arantxa Ibañez de Opacua topagunearen zuzendariak aurkezpenean esan duenez, Euskal Zinemaren Asteak aukera ematen du “euskal profesionalek 2020an zehar egin eta ekoitzitako lan onenak ikusteko”.
Inaugurazio galan, otsailaren 22an, Pablo Agueroren "Akelarre" filma izango da protagonista. 1609an girotuta dago lana, eta Goya sarietarako bederatzi izendapen lortu ditu, horien artean emakumezko aktore protagonista onenarena (Amaia Aberasturi). Sorginkeria eta inkisizioa ditu hizpide.
IRAKURRI PABLO AGUERO "AKELARRE"KO ZUZENDARIARI EGINDAKO ELKARRIZKETA
"Jendeak 'Akelarre' bere borroketarako tresna gisa erabiltzea nahiko nuke"
Asteartean, 'Hil kanpaiak' filma izango da ikusgai. Miren Gorrotxategiren eleberri batean oinarrituta dago, Imanol Rayo du zuzendari eta aktoreen artean Itziar Ituño, Eneko Sagardoy eta Yon Gonzalez daude.
Asteazkenean, film laburrak egongo dira ikusgai, denak arabar zuzendariek egindakoak: Paul Urkijoren "Dar Dar", Aitor Lopez de Aberasturiren "Buruak", Estibaliz Urresolaren "Polvo somos", Andoni Martinez de Madinaren eta Julen de la Sernaren "Buen plan" eta Beñat Fontanedaren "Ni una mas".
Ostegunean, "Ane" emango dute, Gasteizen filmatu eta kokatutako lana. Goya sarietarako bost izendapen ditu, tartean pelikula onenaren atalekoa, eta David Perez Sañudoren lehen film luzeko aktore nagusiak Patricia Lopez Arnaiz, Mikel Losada, Jone Laspiur, Aia Kruse, Nagore Aranburu, Gorka Aguinagalde eta Fernando Albizu dira. Kritika oso onak jaso zituen Donostiako Zinemaldian, New Directors sailetik pasatu eta gero.
IRAKURRI DAVID PEREZ SAÑUDO "ANE"REN ZUZENDARIARI EGINDAKO ELKARRIZKETA
David P. Sañudo: "Komunikazioari buruzko tesia proposatzen dugu 'Ane'n"
Ostiralean, otsailak 26, “Baby” proiektatuko dute, Juanma Bajo Ulloa zuzendari arabarrak idatzi eta zuzendutako lana. Larunbatean, Mireia Gabilondoren "Enjambre" filmak, itxiera galak eta sari banaketak emango diote azkena Asteari.
Emanaldi guztiak 18:30ean hasiko dira. Abonamenduak 9 euroko prezioa du, eta saio bakoitzerako sarrerek 2 eurokoa.