Zinema
Estreina
"Urtzen" zinemetan itsasoratuko da: "Hain txikia izanik, asko eman dit dagoeneko"
Natxo Velez | EITB Media
Telmo Esnal zinemagileak konfinamenduan filmatutako pelikula esperimentala ostiralean, apirilak 23, iritsiko da zinema aretoetara, Zinemaldian saria jaso eta gero.
-
Telmo Esnal, "Urtzen" filmaren zuzendaria
Nekez atera dakioke atarramentu onik pandemiari, jakina da; ezer salbatzekotan, tragedia honek argiari utzi dion zirrikitu bakarretakoa da urliak edo sandiak gelditzeko aukera eta hausnartzeko astia eta zioak izan dituztela.
Telmo Esnal zinemagileak (Zarautz, 1966), berbarako, “Urtzen” filma, bere garaian ur gelditan utzitako proiektua, bizitu ahal izan du itxialdi betean. “Pablo Azkue aspaldi gerturatu zitzaidan, Ur ipuinarekin, baina orduan, Dantza proiektuan murgilduta nengoenez, ez nuen irakurri; ez dut atsegin ideiak nahastea”, kontatu digu Esnalek.
“Dantza bukatu nuenean, istorioa irakurri nuen eta asko interesatu zitzaidan bere mundu ikuskera, uraren, zehazki itsasoaren, eta kontzientziaren arteko lotura. Gure gorputza Urak eta Lurrak osatzen dutela esaten du. Hori guztia azaltzen filmatzea erabaki nuen, baina ez nekien material horri zer forma eman, ez bainuen nahi ohiko ekoizpen bat izatea. Eta konfinamenduan otu zitzaidan kontatzeko modua. Harrezkero, oso lan azkarra izan zen: pentsatu eta egin”.
Eta orain, Zinemaldian proiektatu eta bertan Greenpeaceren Lurra saria jaso eta gero, zinemetara iritsiko da Atera Filmsek ekoitzita eguneroko irudiak, pelikularen prozesua erakusten duen metazinema, ipuin fantastikoa eta gizadiaren inguruko hausnarketak nahasten dituen pelikula-collagea. Iritsi ere, Ama Lurraren Nazioarteko Egunaren biharamunean iritsiko da. Esnalen esanetan, “Barregarria da. Ama Lurraren Egunean hasiko gara Urama aldarrikatzen. Eta horretan gaude”.
“Urtzen” egikera xumeko filma zinema komertzialen ozeano abisal eta ia hondogabean itsasoratuko da, beraz: “Proiektu bati ekiten diozunean, daukan tamaina daukala, ahalik eta jende gehienengana iritsi nahi duzu beti. Jakitun gara, noski, film txikitxoa dela, baina eder bezain txikia da. Ezohikoa da, baina uste dugu mezuak, alderik garrantzitsuenak, sakon jotzen duela ikuslea”.
Esnalek, hain zuzen ere, ikuslea hunkitu eta hausnarketara bultzatu nahi du, “zer garen, non gauden eta gure inguruan zer harreman dugun pentsatzea”. “Oraingoz, oso sentsazio ona jaso dut ikusi ahal izan duen publiko urriaren aldetik. Hain txikia izanik, Urtzen-ek asko eman dit dagoeneko”, esan digu.