Itxi

Zinema

Jaialdia

'Desastres' film laburrak Actualeko 'Guindilla' saria eskuratu du

Alex Angulo eta Borja Perez dira film laburraren protagonistak eta Logroñoko jaialdian saritu dute.

  • 'Desastres'. Argazkia: Actual

    'Desastres'. Argazkia: Actual

Ivan Cortazar zinemagile bilbotarraren 'Desastres' film laburrak Logroñoko Actual jaialdiko Guindilla saria eskuratu du. Sariketako jarduera batean, boto gehien jaso du bertaratutakoen artean.

Actualeko antolatzaileek azaldu dutenez, Cortazarren lanak 1.381 boto jaso ditu "Panorama de cortos" sailean. Bertan hamar film labur espainiarrek parte hartu dute.

'Desastres' film laburrak hainbat jaialditan jaso du sariren bat, Malagan kasu, eta alde txikiarekin lortu du Logroñoko saria. Carlos Montororen "Dinero Facil" lanak 1.324 boto jaso ditu eta Alauda Ruiz de Azuak 1.269.

Alex Angulo eta Borja Perez dira 'Desastres' film laburraren protagonistak: giltzak, diru-zorroa, sakelekoa eta, oro har, bere eskuetan erortzen den oro galtzen duen gaztea da protagonista, eta hori bere aitarengandik jaso du oinordetzan.

Espanto Producciones etxeak egin du 12 minututako film labur hori eta Ivan Cortazarrek Alvaro Vegarekin batera egin du lan.

2004tik "Guindilla" saria ematen du Actual jaialdiak eta bertaratzen direnek botoa eman dezakete. Daniel Sanchez edo Daniel Guzman zinemagileek, adibidez, jaso dute aipatutako saria.