Itxi

Zinema

Maiatzak 28-ekainak 6

Bost euskal dokumental eta bi film luze Bartzelonan, Zinemaldiacat-en

N. V. | EITB Media

Euskal zinemaren Bartzelonako jaialdiaren hamaseigarren edizioa maiatzaren 28tik ekainaren 6ra egingo dute.

  • Zinemaldiacat

    Itziar Ituño daZinemaldiacat jaialdiko kartelaren protagonista. (Egilea, Igotz Ziarreta)

Bost dokumentalek eta fikziozko bi filmek osatuko dute Bartzelonan egingo den Zinemaldiacat jaialdiaren programazioa. Ostiralean hasiko da, maiatzaren 28an, eta ekainaren 6ra bitarte iraungo du, Bartzelonako Euskal Etxeak antolatuta.

Dokumentalei dagokienez, 'Bi urte, lau hilabete eta egun bat' (Lander Garro, 2020), 'Enero' (Ione Atenea, 2019), 'Hijos de Dios' (Ekain Irigoien, 2020), 'El Drogas' (Natxo Leuza, 2020) eta 'Bury Us! A Punk Rock Uprising' (Andrew Nethery, 2021).

Bestalde, fikziozko bi film eskainiko ditu jaialdiak: 'Nora' (Lara Izagirre, 2020) eta 'Hil kanpaiak' (Imanol Rayo, 2020).

Maiatzaren 28an, "Bi urte, lau hilabete eta egun bat" proiektatuko dute Ateneu L’Harmonian, eta pelikula bukatutakoan solasaldia egingo dute, Lander Garro zuzendaria bertan dela. Ekainaren 2an, "Hijos de Dios" Jardins del Pou de la Figueran eskainiko dute, aire zabalean, eta ekainaren 3an "Enero" Girona zinema aretoetan egongo da ikusgai.

Toki berean egongo dira ikusgai, halaber, "Hil kanpaiak" ekainaren 4an, "El Drogas" ekainaren 5ean eta "Bury Us! A Punk Rock Uprising" ekainaren 5ean bertan, beranduago, zuzendaria eta Niña Coyote eta Chico Tornado protagonistak bertan direla. Sara Zozayak kontzertu txiki bat eskainiko du, gainera, aretoan bertan, solasaldia bukatutakoan.

Azkenik, Lara Izagirrek berak aurkeztuko du, ekainaren 6an, "Nora" bere film luzea.