Publizitatea
Itxi

2021/06/08

10:47

Zinema

Elkarrizketa

Aitor Merino: "Errealitateari buruzko filma da 'Fantasia'"

Natxo Velez | EITB Media

Aitor Merinok "Fantasia" film luze dokumentala estreinatu du Malagako zinema jaialdian, izen bereko ontzian familian egindako itsas bidaia batean jaiotako lana.

  • Aitor Merino

    Aitor Merinok "Fantasia" filma aurkeztu du Malagako zinema jaialdian

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Telegram
  • Bidali

Gurasoen urrezko ezteiak ospatzeko antolatu zuten itsas bidaian eraman behar zituen ontziak "Fantasia" izena zuela jakin zuenean, Aitor Merino aktore eta zinemagileak (Donostia, 1972) argi izan zuen izen hori berori izango zuela esperientzia horretatik aterako zen pelikulak.

2015eko ekainean izan zen aspaldidanik bananduta (aita-amak Iruñean, Aitor Madrilen eta Amaia arreba, hori ere zinemagilea —"Non dago Mikel?"...—, Ekuadorren) bizi den familiaren topaketa hori, eta, gurutzaldiaren argi itsugarriak dena desitxura ez zezan, Aitor Merinok egunerokotasuneko hainbat begirada ere jaso zituen bidaiatik bueltan, Iruñeko etxean, filma osatzeko: eguzkiaren, beroaren, bozkarioaren eta fantasiaren bestaldean, zahardadea, Iruñeko abenduko hotza, absentziak eta errealitatea.

Malagan harrapatu dugu Merino, EITBren parte-hartzea duen pelikula bertako zinema jaialdian aurkezten ari dela.

Iritsi da "Fantasia" erakusteko ordua. Zelan bizi izan duzue Malagako estreina?

Ilusio handiarekin. Duela sei urte hasi ginen bidaia egiten "Fantasia" itsasontzian gurasoak, Amaia eta laurok, eta talde osoa batu gara Malagan, bertan estreinatzeko. Oso pozik gaude!

Hasieran, asmo jakinik gabe eraman zenuen kamera itsas bidaiara. Noiz konturatu zinen pelikula bat zegoela hor?

Hasieran ez nekien honetatik guztitik pelikula bat aterako zenik. Kamera eraman genuen bidaiara, eta bihurrikeriatxotan ariko baginen bezala hasi ginen grabatzen.

Lehendabizi, itsasontziak piztu zigun arreta, giro baldar eta koloretsuak. Baina kamera, nire begirada, gurasoengana joan zen pixkanaka, eta egun horietan gertatu ziren gauza ederrak harrapatu genituen. Orduan konturatu nintzen pelikula bat egin genezakeela, eta dokumentaltxo bat egingo genuela erabaki nuen.

Hurrengo neguan, Amaia Ekuadorren bueltan eta ni Madrilen nengoela, pentsatu nuen "Fantasia" izeneko pelikula errealitateari buruzkoa izango zela.

"Asier eta biok"en egin zenuen bezala, oso modu egiatiaz jartzen duzu zeure burua kameraren aurrean, baina oraingoan baita arreba eta gurasoak ere. Zein neurritan beldurtzen zaitu horrek eta zer sari ekartzen dizkizu?

Bai, egia esan ez da erraza zeure buruaren eta maite dituzunen intimitatea kameraren aurrean erakustea, baina zertarako egingo duzu pelikula bat, erakutsiko duzuna zintzotasunez erakusteko ez bada?

Nire ustez, momentu horiek partekatzeak zentzua ematen dio lanari. Telebistan eta bestelakoetan, askotan ikusten dugu intimitatea diru truke, merkantzia bezala, erabiltzen dela; hemen, ordea, maitasuna erakusteko erabiltzen da intimitatea.

Horrek saritxoa ekartzen du, eta ikusleak eskertzen du zintzotasunez kontatutako istorioak aurkitzea.

Gidoia idazteko, kanpoko begirada bi izan dituzue Amaia arrebak eta zuk, Ainhoa Andraka eta Zuriñe Goikoetxearena. Zer oreka ekarri diote pelikularen emaitzari?

Pelikula honetan funtsezkoa izan da Ainhoa Andrakaren eta Zuriñe Goikoetxearen lana. Urruntasunez ikus zezaketen materiala, eta Ainhoak lan izugarria egin du muntatzeko orduan ere.

Oso eskertuta eta pozik nago emaitzarekin. Familiako kideok, ni neu barne, pertsonaia gisa ikusi behar genituen, pelikula narratiboki eraikitzeko. Ezin duzu pelikula zati bat aukeratu bertan zure aita oso barregarri ikusten duzulako; istorioari laguntzen ote dion pentsatu behar duzu.

Eta alde horretatik, oso inportantea izan da bion ekarpena.

"Fantasia" ontziko bidaia eguzkitsu eta alaiarekin kontrakarrean, Iruñean Gabonetan aurkitutako errealitate hotza eta absentziak kokatzen dituzu. Zein neurritan orekatzen dira gure bizitzetan errealitate gogorra eta gozamena? Zelan elikatzen dute elkar bi alderdi horiek?

Bizitzan bezala, pelikula honetan gauzek kontrasteagatik aurkitzen dute zentzua; hau da, fantasia existitzen denez gero du bizitzak zentzua. Edo mina zer den badakigunez, gozamena zer garrantzitsua den balora dezakegu.

Alde horretatik, bai; aurkakoak ematen dio zentzua edozeri. Eta pelikulan horrekin jolasten gara.

Denboraren joana da "Fantasia"ren ardatza. Uste duzu pandemiak begi aurrean jarri digun gure zaurgarritasunak aldatu duela horren aurrean erakutsi izan dugun ezaxolakeria eta harrokeria, edo alferrik da?

Bai, argi dago pandemiak zer zaurgarriak garen erakutsi digula, baina gizarte bezala ez dakit zerbait ikasi dugun.

Ez nau kezkatzen horrenbeste bakoitzak bere bizipenekin izandako ikasketak, baizik eta gizarte bezala boterearekin dugun harremanaz zerbait ikasi ote dugun. Hori da, nire ustez, orain hausnarketa sakona merezi duena. 

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena
    ;