Gizartea -

Elkarrizketa

"Laguna ETAn nola sartu zen ulertzen saiatu naiz 'Asier eta biok'ekin"

Aitor Merino aktoreak (Historias del Kronen, El Pan Nuestro) bere lehen dokumental luzea aurkeztu du. Asier ETA biok lanak euskal gatazka adiskidetasunaren ikuspegitik kontatzen du.

Asier Aranguren (ezk) eta Aitor Merino (esk), 'Asier ETA biok' dokumentaleko irudi batean.
Asier Aranguren (ezk) eta Aitor Merino (esk), 'Asier ETA biok' dokumentaleko irudi batean.
Asier Aranguren (ezk) eta Aitor Merino (esk), 'Asier ETA biok' dokumentaleko irudi batean.

A. Akordagoitia

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nola sortu zen Asier ETA biok egiteko ideia? 20 urte baino gehiago daramatzat Madrilen. Aktore izateko ametsa betetzeko etorri nintzen. Hemen, euskal gatazkari buruz hitz egitea beti izan da lan zaila. Nerabe nintzenetik dudan lagun bat, Asier, ETAko kide izateagatik kartzelan sartu zutenean, lan hori are gehiago zaildu zen. Proiektua nik Asierrekin hitz egiteko nuen beharragatik jaio zen. Hau da, gure adiskidetasunaren bitartez ETAko kide izateko arrazoiak ulertaraztea, niri ere zaila egiten zitzaidan arren.

Nola jarri zenuten martxan proiektua? Erarik sinpleenean: nik erabiltzen nituen kamera eta mikrofono batzuekin. Asierren eta bion arteko giro intimoa mantentzen nuen horrela. Talde tekniko batek giro hura hautsiko zukeen.

Nork parte hartu du lan horretan? Lan autobiografiko bat da, eta, protagonista nagusia ni naizen arren, nire arreba Amaiarekin (Ekuadorren bizi da eta dokumentalak egiten ditu) egin dut lan. Oso ondo moldatzen gara, eta hasieratik esfortzu handia egin dugu. Ondoren, Doxa Producciones ekoiztetxeko taldearekin hasi ginen lanean. Ekoiztetxe gaztea da, eta oso ondo egin dugu lan elkarrekin; emaitza bikaina da. Horrez gain, lagun ditudan Juan Diego Botto, Secun de la Rosa, Pilar Castro, Diego Paris, Ana Rayo, Armando del Rio, Velilla Valbuena, Nathalie Pinot eta Carol Salvador aktoreek ere hartu dute parte. Madrileko nire lagunak dira, eta urte hauetan mila galdera egin dizkidate euskal gatazkari buruz eta Asierri buruz. Parte-hartze horiek pelikularen zati oso garrantzitsua dira, baina protagonistak Asier eta biok gara. Hala ere, Asierren bikotekideak eta sendiak ere parte hartu dute. Denak oso eskuzabalak izan dira.

Zenbat denbora izan zarete lanean? Non filmatu duzue? Filmaketa duela bi urte hasi zen, Asier kartzelatik atera zen unean bertan, eta hilabete batzuk iraun zuen. Zailena eduki guztiari forma emateko gidoi bat egitea izan da. Lan horretarako, bi urte behar izan ditugu. Filmaketak, batik bat, Iruñean eta inguruetan eta Madrileko nire etxean (bertan grabatu nituen nire gogoetak) izan ziren. Madrileko lagunen parte-hartzeak ere Madrilen egin nituen.

Zer esan zizun Asierrek proiektua azaldu zenionean? Ez zuen konturatzeko astirik ere izan. Askatu zutenean, hesi baten atzean grabatzen hasi ginen. Ez nion kexatzeko aukerarik eman (kar, kar). Asier lagun itzela da, asko maite dugu elkar, eta hasieratik ez zuen eragozpenik jarri. Hala ere, filmaketa aurrera joan ahala, gai zailak, baita mingarriak ere, aipatzen hasi ginen; izan ere, Asier ETA biok ez da kontaketa adeitsua. Horrek bion arteko egokiera zailak eragin zituen, baina gu bion arteko ezadostasunak eztabaidatu gabe, gure lanak bere balioa galduko luke, eta Asierrek eta biok erronka hori ondorio guztiekin onartu genuen.

Dokumentalean agertzen diren iritziak, benetakoak al dira? Nire lagun aktoreen parte-hartzeak Madrileko edozein kaletan entzun daitezkeen galderen erakusle dira, eta benetakoak dira. Hala ere, pelikularen oso zati txiki hartu dute. Unerik garrantzitsuenak Asierren eta bion artekoak dira, eta horiek benetakoak dira.

Zein da Asier ETA biok dokumentalaren helburua? Ahalik eta jende gehiagorengana iristea, beste ikuspegi batzuk ezagutu nahi dituen jendearengana iristea. Gure helburua, batik bat, galderak sortzea da.

Ez al dizue beldurrik eman euskal gatazkarena bezain kontu zailari buruz hitz egitea? Beldurra baino, errespetua. Lagun bati, gure herriari, zeure buruari buruz hitz egitea erantzukizun handia da.

Zer pentsatuko dute agintariek dokumentalari buruz? Zure ibilbide profesionalari kalte egingo diola uste duzu? Ez naiz agintarien balizko erantzunaren beldur. Nik dakidala, ez dugu deliturik egin. Nire ibilbideari buruz, ate batzuk itxiko zaizkit, baina beste batzuk ireki. Irekiko diren horiek gehiago interesatzen zaizkit.

Eta biktimek, nola interpretatuko dute? Gatazka honek biktima asko utzi ditu, baina ETAren biktimei buruz ari zarela pentsatzen dut; izan ere, horiek dira Asierrekin dudan adiskidetasunagatik deseroso senti daitezkeenak. Egia esan behar badizut, gustatuko litzaidake horiek ere ikusi nahi izatea. Errespetu handiz egin dugu, polemika sortzeko asmorik gabe. Gure helburua adiskidetzea eta elkar ulertzea da. Bihotzetik kontatu dugu, ez dugu beldurtuta izateko arrazoirik.

Hala ere, ez da lan erraza izan, eta esfortzu pertsonala eta ekonomikoa handia izan da. Laguntza eskatu duzue. Horrelako proiektu batek esfortzu handia eskatzen du eta ez dugu bakarrik jarraitzeko gaitasunik. Horregatik, Verkami.com atariaren bidez, crowdfunding ekimena bultzatu dugu. Laguntza ematen dutenak filmaren kredituetan agertuko dira, eta estreinaldirako sarrerak lortuko dituzte gainera. Finantzatzeko modu honi esker, askatasuna dugu, eta lan on bat egiteko erantzukizuna handiagoa da. Orain arte, kanpaina oso ondo doa, eta eskatutakoaren erdia baino gehiago bildu dugu, baina lortzen ez badugu, lortutakoari uko egin beharko diogu. Horrelakoak dira crowdfunfding-aren baldintzak. Horregatik behar dugu laguntza. Bi aste baino gutxiago falta zaizkigu. Lortuko dugu!

Noiz estreinatuko duzue Asier ETA biok? Dena ondo badoa, datorren udaberrian prest egongo da.

Zergatik gomendatuko zenuke Asier ETA biok ikustea? Filma zorroztasun eta zintzotasun handiz eginda dagoelako, asmo onetatik harago, asmo onak batzuetan ez baitira nahikoa. 

"Asier ETA biok" (Asier Y yo). CROWDFUNDING from doxa producciones on Vimeo.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea