Zinema
(H)emen elkartea
Emakume zinemagile gazteen bost proiektu, pelikula bihurtzeko bidean
N. V. | EITB Media
Aukera (H)emen elkarteak bultzatzen duen planak 18 eta 35 urte bitarteko emakume zinemagileen bost proposamen hautatu ditu, mentoreen laguntzaz lanok findu eta pelikula bihurtzeko.
-
Azaroan iragarriko dute zein diren bi proiektu irabazleak
(H)emen ikus-entzunezko eta arte eszenikoen sektoreetako emakumeen elkarteak Aukera programa bultzatu du euskal emakume zinemagile gazteei (18-35 urte) film labur bat ekoizteko aukera eskaintze aldera.
Lehen edizioan, ekimenaren arduradunek bost proiektu aukeratu dituzte: "Azkena" (Ane Inés Landeta eta Lorea Lyons), "Prioridades" (Tamara Lucarini eta Ana Angulo), "Cuidado!" (Olaia Nogales eta Llucía Pla), "Hemen bizi da maitasuna" (Enara García eta Ainhoa Olaso) eta "Pomo D'oro" (Nerea Sciarra eta Allende Grandmontagne).
Lantaldeek gidoigintza, zuzendaritza eta ekoizpen ikastaroak jasoko dituzte, baita genero ikuspegiari buruzko beste bat ere.
Programa bukatutakoan, mentoreek (Lara Izagirre eta Ana Hormaetxeak; Maider Oleaga, Esti Urresola eta Olatz Beobidek; eta Izaskun Arandia eta Nahikari Ipiñak) bi proiektu aukeratuko dituzte, eta Zinebiren itxiera galan iragarriko dute zein diren.
Hautatzen dituzten bi lanetako bakoitzak 3.000 euroko Aukera sari bat jasoko du, film laburraren ekoizpena bultzatzeko.
Guztira, 66 emakumek eman dute izena programan, 2 eta 5 pertsona arteko lantaldeetan, eta 26 proiektu aurkeztu dituzte, euskaraz zein gaztelaniaz eta denetariko genero eta formatuetan.