Zinema
Saria
Alberto Iglesiasek ez du soinu banda onenaren Oscar saria lortu
Ludovic Bourcek jaso du saria 'The Artist' pelikulagatik, euskal konpositorea saririk gabe utzita. Bestalde, 'Chico & Rita' pelikulak ez du animazio film onenaren saria lortu.
-
Alberto Iglesias Oscar 2012 sarietan. Argazkia: EFE
Alberto Iglesias euskal konpositoreak ez du soinu banda onenaren Oscar saria lortu. 'Satorra' pelikulagatik hautagai zen, baina azkenik Ludovic Bource frantziarrak jaso du 'The Artist' pelikulagatik.
Sail honetako beste hautagaiak hauek ziren: John Williamsen 'Tintinen abenturak' eta 'War Horse' eta Howard Shore kanadarraren 'Hugo' .
Bestalde, "Rango" pelikulak animaziozko film onenaren saria jaso du. Fernando Truebaren "Chico & Rita" ere hautagaien artean zegoen.
Gore Verbinskiren "Rango" pelikula behizain aldakor baten istorioa da, eta George Lucasen Industrial Light & Magic estudioen lehen apustua da. BAFTA sarietan sail berean saritu zuten.
Woody Allenek jatorrizko gidoi onenaren Oscar saria eskuratu du "Midnight in Paris" lanagatik. Owen Wilsonek, Rachel McAdamsek eta Marion Cotillardek parte hartu dute proiektu horretan.
Irabazteko aukera guztiak zituen arren, Woody Allen ez da ekitaldian izan, ohikoa duen bezala.
Mediapro taldeko Jaume Rouren ekoizle espainiarra bertan izan da. Hiru filmetarako kontratua sinatu zuen Allenekin: "Vicky Cristina Barcelona" lanarekin hasi zuten euren elkarlana (Penelope Cruzek antzeztaldeko aktore onenaren saria lortu zuen horri esker), "Midnight in Paris" pelikularekin jarraitu zuten eta hirugarren bat grabatuko dute elkarrekin.