Itxi

Zinema

Urriak 28 – azaroak 4

"Irati" filmak irekiko du Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Donostiako Astea

N. V. | EITB Media

Sitgeseko zinema jaialdiko sail ofizialean ikusi ahalko da lehenago Paul Urkijoren bigarren film luzea. "Viejos" Zorion Eguileor protagonista duen filma ere Sail Ofizialean izango da.

  • "Irati" filma

    "Irati" filma

Paul Urkijok zuzendutako bigarren film luzeak, Iratik (2022), irekiko du urriaren 28an Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren 33. astea, eta Sail Ofizialean lehiatuko da.

Lehenago, Sitgeseko zinema jaialdiko sail ofizialean proiektatuko dute Edurne Azkarate eta Eneko Sagardoy protagonista dituen filma, EITBren parte-hartzea ere baduena.

VIII. mendean, antzinako jainkosa bati laguntza eskatuko diote, Karlomagnoren tropak Pirinioetan aurrera doaz eta. Odol itun baten bitartez, etsaia suntsituko du trukean bere bizitza emanda; aurretik, ordea, agintarazi egin dio bere seme Enekori bere herria babestu eta bertan bera izango dela buru aro berrian.

Urte batzuk geroago, Enekok misio batekin egingo dio aurre agindu horri: bere aitaren gorpua berreskuratzea, modu paganoan Karlomagnoren altxorraren ondoan lurperatua. Kristau fededuna izan arren, Iratiren laguntza behar izango du: inguruko neska bat, paganoa eta enigmatikoa. Bi gazteak baso arrotz eta babesgabe batean barrena sartuko dira, non "izena duen guztia existitzen den".

Irati azaroaren 18an estreinatuko da zinema aretoetan.

Zorion Eguileorren film saritua, Sail Ofizialean

Sail Ofizialean, bestalde, honako film hauek izango dira: American Carnage (Diego Hallivis), Fumer fait tousser (Quentin Dupieux), The Lair (Neil Marshall), Mad Heidi (Johannes Hartmann), Project Wolf Hunting (Kim Hongsun), Shin Ultraman (Shinji Higuchi), Vesper (Kristina Buožyte), Viejos (Raul Cerezo, Fernando Gonzalez Gomez) Zorion Eguileor protagonista duen eta Montrealeko zinema jaialdian bizkaitar aktoreari saria ekarri zion filma eta Wolfkin / Kommunioun (Jacques Molitor).