Itxi

Zinema

Heriotza

Jean-Luc Godard zinema-zuzendaria hil da

EITB MEDIA

Zinemagile frantziar-suitzarra 91 urte zituela zendu da. Nouvelle Vague mugimenduaren erreferentzia nagusietakoa izan da.

  • Jean-Luc Godard

    Jean-Luc Godard. Argazkia: EFE.

Jean-Luc Godard zinema zuzendari frantziar-suitzarra, Nouvelle Vague delakoaren erreferentzia nagusietakoa bera, zendu da astearte honetan, 91 urte zituela. Liberation egunkariak eman du horren berri, zuzendariaren senideek hala baieztatuta.

Zuzendaria Parisen jaio zen 1930ean, eta, aurreko mendeko 50eko hamarkadan, frantziar zinemako Nouvelle Vague mugimenduko zuzendarien muina sortu zuen; Godardekin batera, Andre Bazin, François Truffaut, Jacques Rivette, Eric Rohmer eta Claude Chabrol ere ibili ziren.

1959ko À bout de souffle filmarekin egin zen ospetsu Jean-Luc Godard; Jean Seberg eta Jean-Paul Belmondo izan ziren protagonistak.

Besteak beste, pelikula nabarmen hauek ere zuzendu ditu: Vivre sa vie: Film en douze tableaux (1962), Pierrot le fou (1965), Made in USA (1966), Tout va bien (1972), Sauve qui peut (la vie) (1981), Je vous salue, Marie (1984), Nouvelle Vague (1990) eta Eloge de l'amour (1991).

Hainbat sari nagusi jaso zituen; tartean, Ohorezko Oscar bat, Urrezko Palma berezi bat eta Frantziako bi Ohorezko Cesar. Karrera paregabea izan zuen, golardo horiek guztiek erakusten dutenez.

Aktore onenekin lan egin zuen: Belmondo, Alain Delon, Eddie Constantine, Jean-Pierre Leaud edo Anna Karina izan ziren berak zuzendutako filmetan. Azken horrekin ezkonduta ere izan zen Godard.