Itxi

Zinema

Donostia

Beldurrezko Zinemaren Asteko ikusleek "Irati" saritu dute

N. V. | EITB Media

Ikusleen saria eraman du Paul Urkijoren bigarren film luzeak Donostiako jaialdian. Epaimahaiaren iritziz, "Alegrías riojanas" izan da film laburrik onena.

  • "Irati"

    "Irati"

Irati Paul Urkijo zinemagilearen bigarren film luzeak Beldurrezko eta Fantasiazko Zinemaren Donostiako Asteko ikusleen saria irabazi du film luzeen atalean, duela gutxi Sitgeseko jaialdi entzutetsuan egin zuen bezala. Kataluniako topaldian, gainera, efektu berezi onenen saria ere eraman zuen.

Gaur iragarri dute beldurrezko zinemaren jaialdiko palmaresa, eta jakin dugu, horrenbestez, ikusleen iritziz, Oldtimers (Brian Quintero) izan dela film labur onena, eta Ecorchée (Joachim Herisse), animaziozko film labur onena.

Halaber, ikusleek El semblante Carlos Moriana eta Raul Cerezoren lanari eman diote Espainiako Film Labur Onenaren saria.

Epaimahaiak (Leire Apellaniz, Javier Parra eta Aida Sole), ostera, Alegrías riojanas Velasco Broca arabarraren film laburra saritu du, Film Labur Onenaren sailean.

Hirukote horrek, halaber, The Debutanti eman dio Zilarrezko Méliès saria Europako Film Labur Onenaren kategorian.

Uniko bilbotar ekoiztetxeak sari bikoitza eraman du: Loop lanak Syfy saria jaso du, eta Unicorn Warsek, Blogos de Oro saria.