Itxi

Zinema

37. edizioa

"Cinco lobitos"ek eta "Irati"k, pisu nabarmena Goyen izendapenetan

N. V. | EITB Media

Alauda Ruiz de Azuak zuzenduriko filmak hamaika izendapen jaso ditu, tartean film onenarena, eta Paul Urkijoren bigarren film luzeak bost.

  • "Cinco lobitos"

    "Cinco lobitos"

"Cinco lobitos" (Alauda Ruiz de Azua) eta "Irati" (Paul Urkijo) euskal filmek hamaika eta bost izendapen jaso dituzte Goya Espainiako Zinema Akademiaren sarietarako. Sarion 37. edizioa otsailaren 11n ospatuko dute, Sevillan.

"Cinco lobitos" atal hauetan dago izendatuta: film onena, zuzendari berri onena (Alauda Ruiz de Azua), emakumezko aktore protagonista onena, jatorrizko gidoia, argazki zuzendaritza, soinua, ekoizpen zuzendaritza, editatzea, antzeztaldeko gizonezko aktore onena (Ramon Barea), antzeztaldeko emakumezko aktore onena eta gizonezko aktore berri onena (Mikel Bustamante).

"Irati", bestalde, izendatuta dago abesti onenaren atalean (Aranzazu Calleja, Maite Arroitajauregi eta Paul Urkijo), jatorrizko musika onenarenea (Aranzazu Calleja eta Maite Arroitajauregi), jantzien diseinu onena (Nerea Torrijos), efektu berezi onenak (Jon Serrano eta David Heras) eta gidoi egokitua.

Bi izendapen izango dituzte otsailaren 11ko galan, bestalde, "Suro" Mikel Gurrearen lehen film luzeak (Gurrea bera, zuzendari berri onenaren sailean, eta Vicky Luengo emakumezko aktore protagonista gisa), "Unicorn Wars" animaziozko film ederrak (animaziozko film onena eta kantu onena, Joseba Beristainentzat) eta "La consagración de la primavera" pelikulak, Telmo Iruretarena tartean, gizonezko aktore berri onenaren atalean.

Izendapen bat jaso dute, halaber, "Loop" Uniko bilbotar ekoiztetxearen animaziozko film laburrak, "Maldita. A love song to Sarajevo" Raul de la Fuenteren film labur dokumental hunkigarriak, "Cuerdas" Estibaliz Urresolaren fikziozko film laburrak, Fernando Velazquez musikariak ("Los renglones torcidos de Dios"), Felix Viscarretek "No mires a los ojos" filmaren gidoia ekoitzeagatik, Gaizka Urrestik "Labordeta, un hombres sin más" film dokumentalaren zuzendariak, Aitor Berenguer bilbotarrak "As bestas" filmaren soinuagatik, Ibon Cormenzanak "As bestas"en ekoizle gisa eta "Black Is Beltza 2: Ainhoa" Fermin Muguruzaren animaziozko pelikulak.

"Cinco lobitos", "Irati", "Suro", "Unicorn Wars", "Black is Beltza 2: Ainhoa", "La consagración de la primavera" eta "Cuerdas" filmek EITBren parte-hartzea dute. 

Izendapen gehien, hamazazpi, "As bestas" Rodrigo Sorogoyenen filmak pilatu ditu guztira, eta horren atzetik daude "Modelo 77" (Alberto Rodriguez), hamaseirekin, eta "Alcarrás" (Carla Simón) hamaikarekin.

Goya sariak otsailaren 11n banatuko dituzte, Sevillan.