Zinema
Egunerokoa
"Unicorn Wars", animaziozko zinemaren nazioarteko erdigunean
Ivan Miñambres
Ivan Miñambres bilbotarrak, UniKo animaziozko zinemaren ekoiztetxearen sortzaileak, Niigatako zinema jaialdian bizi izandakoa kontatu digu, "Unicorn Wars" gerraren aurkako film luze ederra bertan aurkeztu berritan.
-
Animaziozko zinemaren erdigunea da Japonia munduan
Ivan Miñambres bilbotar ekoizleak (UniKo) "Unicorn Wars" filma aurkezte aldera Animaziozko Zinemaren Niigatako Jaialdira egindako joan-etorria aletu digu.
Animaziozko Zinemaren Niigatako Nazioarteko Jaialdia nazioarte mailan animazioaren sektoreko ekitaldi nabarmenetakoa bilakatzeko helburuz sortu dute. Mundu osoan animazioaren inguruan ekoiztetxe, ikastetxe eta profesional gehien dituen hirietako bat da Japoniakoa.
Niigata hiria animazioaren epizentroa izan zen, nazioarte mailan, bost egunez, eta hainbat herrialdetako animaziozko hamaika film luze ikusi ahal izan ziren bertan, lan garrantzitsuak tartean, hala nola "Le Petit Nicolas", "Vampire in the Garden" eta "Oink".
Prentsaurrekoa, Niigatan
Jaialdi horretan, "Unicorn Wars" estreinatu zen Japonian, generoaren zaleen artean ikusmin handia piztu zuen euskal ekoizpen bat. Alberto Vazquezek zuzendu eta UniKo bilbotar ekoiztetxeak Abano Producións eta Autour de Minuit etxeekin batera ekoitzitako filmak antzinako gerra bat du kontagai, harztxoen armadaren eta unikornioen artekoa, gerren aurkako fabula itxuran.
ALBERTO VAZQUEZ ETA IVAN MIÑAMBRESEKIN ELKARRIZKETA, "UNICORN WARS"I BURUZ
"Unicorn Wars" Animaziozko Zinemaren Niigatako Nazioarteko Jaialdian proiektatzea itzela izan zen. Pelikulak ez zuen huts egin, eta inor ez zen epel gelditu. Prentsa eta ikusleak harrituta gelditu ziren animazioaren kalitatearekin, eta harrituta, halaber, mezu antibelikoa duen istorioarekin.
Ekitaldian, animearen industriako bi ordezkari handi egon ziren, Katsuhiro Otomo eta Mamoru Oshii, eta beraiek ere harrituta gelditu ziren proiektuaren kalitatearekin eta interesa agertu zuten beren mugez haraindiko industrien ordezkariekin loturak ezartzeko.
Ivan Miñambres, Mamoru Oshiirekin
Nazioarteko mailako ekitaldi handia ez ezik, Animaziozko Zinemaren Niigatako Nazioarteko Jaialdia aukera handia ere bada Euskal Herriko zinemagintza industriarentzat. Japoniako animazioaren merkatuan, eskari handia dago, eta konpromiso handia dute kalitatearekin eta berrikutzarekin; beraz, euskal industriarentzat garaipen handia da bere lana bertan aurkeztu ahal izatea. Horrez gain, "Unicorn Wars"ek plataforma globala lortu zuen Animaziozko Zinemaren Niigatako Nazioarteko Jaialdian, publiko berriengana iristeko eta audientzia handitzeko.
Niigatako jaialdiaren kartela
"Unicorn Wars" udazkenean iritsiko da Japoniako zinema aretoetara, Riskiten eta TMSren, anime pelikulen ekoiztetxe eta banatzaile handienetako baten, eskutik.