Itxi

Zinema

Maiatzak 1-6

Musikari buruzko 25 dokumental, gaurdanik, Dock of the Bayren hamaseigarren edizioan

N. V. | EITB Media

Maiatzaren 6ra arte egingo dute Musika Dokumentalen Donostiako Zinema Jaialdia, "hausnarketarako espazioak ireki eta ekimen mantso eta hurbilekoa" eskaintzeko asmoz. Sahatsa Jauregik "Verde Prato" lana estreinatuko du.

  • Sahatsa Jauregik "Verde Prato" film laburra aurkeztuko du

    Sahatsa Jauregik "Verde Prato" film laburra aurkeztuko du

Gaur hasi eta larunbatera arte egingo dute Dock of the Bay Musika Dokumentalen Donostiako Zinema Jaialdiaren hamaseigarren edizioa, Gipuzkoako hiriburuan.

Sail Ofizialean, zortzi film luze lehiatuko dira: "Karen Carpenter", "Alter" film uruguaitarra, "Lee Fields: Faithful Man", "Before We Move", "Rock Chicks – I am not female to you", "La importancia de llamarse Ernesto y la gilipollez de llamarse Eric", "Tener Tiempo" eta "Ghost of the Chelsea Hotel and Rock and Roll stories".

Film laburrei dagokienez, hamar egongo dira ikusgai, horietako sei saio bateratuan, maiatzaren 2an, asteartea, Trueba zinema-aretoetan, 19:15ean. Besteak beste, "Esna kanta" estreinatuko dute, Arrigurrik Eñaut Elorrietaren "Fantasia" (2022) diskorako sortutako abesti baten sorkuntza prozesuari buruz egindakoa, baita "Bide bazterrean hi eta ni kantari" Peru Galbetek Joxean Artzeri buruz egindako filma ere.

Jon Martijak The Window Ventanas taldeak 1993an Suitzan egindako biran oinarrituta sortu du "PVC eta Aluminiozko Zatitxoak" filma.

Bestalde, nazioarteko musika dokumentalik nabarmenenen aukeraketa bat egin dute Perfect Day atalean: "Un Día Lobo López" Kiko Venenori buruzko lana, "Elephant 6 Recording Co. Screening", "Music for Black Pigeons", Sahatsa Jauregik Verde Prato musikariari buruz egindako lana, "A Film About Studio Electrophonique" eta "The Zombies. Hung Up on a Dream".