Itxi

Zinema

Jaialdia

Itsaso Arana Karlovy Varyko jaialdian lehiatuko da "Las chicas están bien" zuzendutako lehen film luzearekin

N. V. | EITB Media

Nafar aktore, gidoilari eta zuzendaria Kristalezko Globoa irabazteko lehian egongo da Txekiar Errepublikako jaialdian, zinemaldiko zuzendariaren aburuz "elkarrizketa jasoz zipriztindutako film arina" aurkeztuz.

  • "Las chicas están bien"

    "Las chicas están bien"

Itsaso Arana aktore, gidoilari eta zuzendaria (Tafalla, 1985) Kristalezko Globoa irabazteko lehian egongo da Karlovy Varyko jaialdian, Txekiar Errepublikan, ekainaren 30etik uztailaren 8ra. "Las chicas están bien" drama intimista aurkeztuko du bertan, berak zuzendutako lehen film luzea.

Aranaren pelikula hau, uda giroko ipuina, "elkarrizketa jasoz zipriztindutako film arina" dela esan du Karl Och Txekiar Errepublikako jaialdiko programazio zuzendariak gaur Pragan, Sail Ofizialean erakutsiko diren hamaika film luzeak aurkezteko ekitaldian.

Filmean, emakume talde batek astebeteko bilkura bat egingo du uda batez, Nistal de la Vega Leongo herriko XVII. mendeko errota zahar batean, antzezlan baten entseguak egiteko, eta denetariko elkarrizketak sortuko dira giro horretan, hamaika gairi buruzkoak: adiskidetasuna, antzezpena, maitasuna, zurztasuna, heriotza...

Karlovy Varyn, Russell Crowe zeelandaberritar aktoreari emango diote aurten Kristalezko ohorezko Globoa, zinemagintzari egindako ekarpen artistiko paregabeagatik.