Itxi

Zinema

Jaialdia

"Moscas" Aritz Morenoren filma Sitgeseko Sail Ofizialean lehiatuko da

N. V. | EITB Media

Donostiar zuzendariaren bigarren film luzeak "Robot dreams" Pablo Bergerren lanarekin bat egingo du Fantasiazko Zinemaren Kataluniako Nazioarteko Jaialdiaren sail nagusian.

  • Ernesto Alterio du protagonista "Moscas"ek

    Ernesto Alterio du protagonista "Moscas"ek

Aritz Moreno donostiar zuzendariak Fantasiazko Zinemaren Kataluniako Nazioarteko Jaialdiaren Sail Ofizialean parte hartuko du, urriaren 5etik 15era egingo duten topagunearen 56. edizioan.

Bere bigarren film luzean, Morenok eleberri bat egokitu du, Ventajas de viajar en tren aurreko pelikulan egin zuen bezala. Oraingoan, Que de lejos parecen moscas Kike Ferrari argentinarraren eleberria egokitu du, Javier Gullonen (Ventajas de viajar en tren, Enemy) gidoi bat oinarri hartuta.

Ernesto Alterio, negoziolari boteretsu eta eskrupulurik gabea, ataka larrian dago: autoko gurpil bat zulatu ostean, gorpu bat aurkituko du maletategian.  

Argazkilaritzaren arduraduna Javier Agirre (Handia, Maixabel, Oreina, La trinchera infinita) da, eta musika Maite Arroitajauregik idatzi du.

Euskal zinema gehiago

Moscas lanak Robot dreams Pablo Berger (Torremolinos 73, Blancanieves) bilbotarraren animaziozko filmarekin bat egingo du Sail Ofizialean.

Gainera, lehiatik kanpo, La ermita ikusi ahalko da, Bixagu Entertainment euskal etxeak ekoitzia eta Belen Rueda protagonista duena. Euskal Herrian EITBren parte-hartzearekin filmatuta, Maia Zaitegi debutaria, Josean Bengoetxea, Loreto Mauelon, Jon Olivares, Elena Irureta eta Nagore Aranburu daude aktore zerrendan.

30 monedas

Bestalde, Alex de la Iglesia bilbotar zinemagileak 30 monedas (HBO) telesailaren bigarren denboraldia aurkeztuko du Fantasiazko Zinemaren Kataluniako Nazioarteko Jaialdian, eta Acción Mutante ere ikusi ahalko da, Sitges Clàssics atalean.