Itxi

Zinema

Film luzea

"Amek ez dute" Katixa Agirreren eleberriaren zinemarako egokitzapena filmatzen hasi dira

N. V. | EITB Media

Mar Coll zuzendariaren zinemarako buelta da filma, hamar urte geroago. Laura Weissmahr eta Oriol Pla aktoreak dira protagonistak, eta Bartzelona, Lleida eta Tarragonan filmatuko dute pelikula, zazpi astean.

  • Laura Weissmahr da "Las madres no" filmaren protagonista

    Laura Weissmahr da "Las madres no" filmaren protagonista

Mar Coll zinemagilea Las madres no pelikula filmatzen hasi da, Elastica Films ekoiztetxeak (O Corno, Matria, Alcarràs…) iragarri duenez.

Escándalo Films eta Elastica Films etxeak ekoizten ari dira Las madres no, Amek ez dute Katixa Agirreren eleberrian oinarritutako filma. "Amatasun ahul baten tentsioaz eta konplexutasunaz dihardu, eta egia eztabaidaezin batera hurreratzen da, enpatiatik eta ulerberatasunetik".

Mar Collek Tres dies amb la familia eta Tots volem el millor per a ella filmak zuzendu ditu, baita Matar al padre eta Esto no es Suecia serieak ere, eta, haren ustez, "amatasuna hain gutxi irudikatu da eta beti eman izan zaio hain ikuspegi melenga, edozein saiakera disonante tabuak estalita gelditu da".

Collek Valentina Visorekin batera idatzia, pelikula, zeina katalanez filmatzen ari baitira, "drama intimista bat da, misterio printzak dituena, eta thriller psikologikoaren mugan kokatzen da zenbaitetan".

María da pelikularen protagonista. 34 urteko idazlea erditu berri da, eta gertakari izugarri batekin obsesionatuta dago: Alice Espanet 10 hileko bikiak hil ditu bainuontzian, eta Aliceri buruz idaztea izango da Mariarentzat bere amatasuna ulertzeko modu bakarra.

Pelikularen protagonistak Laura Weissmahr debutaría eta Oriol Pla (Creatura, Girasoles silvestres, Incerta Glòria) dira, eta Giannina Fruttero eta Belén Cruz dituzte lagun, besteak beste antzeztaldean.

Zazpi astean filmatuko dute Las madres no, Bartzelonako, Lleidako eta Tarragonako hainbat kokagunetan.