Zinema
Erreportajea
'Memoriaz', bakearen eta indarkeriaren inguruko elkarrizketak
Erreportajeak Euskal Herriko sektore artistiko eta kultural desberdinetako hainbat pertsonari grabatutako hamar elkarrizketa biltzen ditu. ETBn ikusi ahal izango da, astelehenetik aurrera.
Euskal Herriko 20 idazle, musikari eta bestelako kultur eragile indarkeriaz, bakeaz eta aro berriaz hitz egiteko batu dituzte, eta dokumental bat sortu dute. "Memoriaz- Bake kulturarako elkarrizketa" du izena eta ETBn ikusi ahal izango da. Lehenengo katean, astelehenetik aurrera eta bigarren katean, ostegunetik hasita.
Dokumentala aurkezteko prentsaurrekoan, 2012 Fundazioko gerente Pello Gutierrez, ideiaren sustatzaile eta Kultura Irekia elkarteko presidente Santiago Burutxaga eta arte zuzendaritza eta produkzioko arduradun Carlos Juárez (Basque Films) izan dira.
Erreportajeak Euskal Herriko sektore artistiko eta kultural desberdinetako hainbat pertsonari grabatutako hamar elkarrizketa biltzen ditu. Kulturaren sortzaile eta eragile horiek indarkeria politikoari eta haren ondorioei, iraganaren memoriari, eta gure herrialdean bakearen aldeko kultura finkatzeko eta etorkizunean bizikidetza aberasgarria izateko moduari buruz mintzatu dira.
2012 Euskadi Fundazioak martxoaren 8tik apirilaren 2ra arteko diru-laguntzetarako deialdia aurkeztu zuen ekitaldi eta jarduera kulturalak antolatzeko, euskal kulturaren sektorean 500.000 euro banatzeko. Bada, proiektu hau, Cultura Abierta-Kultura Irekia elkarteak deialdi horretara aurkeztu zuen proposamenaren parte da.
Kulturaren sortzaile eta eragile elkarrizketatuak honakoak izan dira: Luisa Etxenike (idazlea), Antonio Altarriba (idazle, komiki gidoigilea eta EHUko katedraduna), Joseba Zulaika (antropologoa), Jose Luis Lizundia (Euskaltzaindiko idazkariorde ohia), Santi Eraso (kultura kudeatzailea eta Donostia 2016ko koordinatzaile ohia), Dani Castillejo (Artiumeko zuzendaria), Kirmen Uribe (idazlea) eta Patxo Telleria (aktorea eta gidoigilea).
Halaber, Willy Uribe (idazlea eta argazkilaria), Ramiro Pinilla (idazlea), Alex Carrascosa (artista), Maria Oianguren (Gernika Gogoratuz-eko zuzendaria), Helena Taberna (zinemagilea), Borja Cobeaga (zinemagilea), Iñaki Salvador (musikaria), Pilar Lopez (Teatro Paraíso-ko zuzendaria), Igor Otxoa (musikaria), Oier Araolaza (dantza tradizionalaren ikerlaria), Fran Lasuen (musikaria, ikus-entzunezkoen ekoizlea) eta Kepa Junkera (musikaria) ere ageri dira dokumentalean.
Pello Gutierrezek azaldu du Bake eta Askatasunaren aldeko Kulturen Urterako aurreikusitako kultura-jardueren programa zabala osatzen jarraitzen duela 2012 Euskadik. Bere hitzetan, "2012 Euskadiren esperientziak erakutsi digu kulturan inbertitzea herritarrengan inbertitzea dela, eta kulturaren bitartez sortzen direla elkarbizitza eta hazkunderako agertoki berriak sortzea ahalbidetuko duten espazioak eta emozioak".
Bestalde, Santiago Burutxagak, ideia honen sustatzaileak eta Kultura Irekia elkarteko presidenteak, ekimenaren xedea "kultura edukien sortzaileek bakearen aldeko parte-hartze eraldatzailea izatea ahalbidetzea" dela nabarmendu du. "Horrela, bidenabar, bakea hizpide hartuta haien kulturaren eta inguruko kulturen arteko elkarrizketak eskainiko zaizkie herritarrei, haien ezagutza eta jarduteko gaitasuna aberasteko", gaineratu du.
Burutxagaren arabera, "gure herrian indarkeria amaitzeak garai berri bat ekartzea nahi dugu guztiok, eta aro berri horretan gatazka politikoak eta sozialak prozedura demokratiko bidez ebatzi ahal izatea, hitzez eta proposamenak eta ideiak modu librean trukatuz. Bake kultura berria, halere, eraiki egin behar da, ez da bat-batean sortuko. Horregatik uste dugu artistek, pentsalariek eta bestelako kultura eragileek funtsezko eginkizuna dutela, kontzientzia kritiko eta diskurtso publikoaren sortzaile diren aldetik".