Itxi

Zinemaldia

Zinemaldia

Zinemaldia

Atzerabegirakoa

Donostiako Zinemaldia, Dorothy Arzner zinemagile bidegileari begira

Erredakzioa

Donostiako 62. Zinemaldiak Hollywooden 30eko hamarkadan, "urrezko garaietan", zinemagile gisa ibilbidea egin zuen emakume bakarraren lana omenduko du.

Irailaren 19tik 27ra, Donostia Zinemaldiaren 62. Edizioak atzera begirako zikloa eskainiko dio Dorothy Arzner zinemagile estatubatuarrari, Espainiako Zinematekarekin batera antolatuta. Zikloa osatzeko, haren irudia eta lana aztertuko dituen argitalpen bat ere aterako da, Zinemaldiko antolatzaileek jakinarazi dutenez.

Dorothy Arzner (1897-1979) Hollywoodeko urrezko aroan zuzendari gisa ibilbide profesionala egitea lortu zuen emakume bakarra izan zen. Arzner aitzindaria izan zen emakumeak zinemaren industrian sartzeko lanean, eta bere estilo eta nortasun bereziek ospe handia eman zioten Hollywooden.

San Franciscon jaio arren Los Angelesen hazi zen Arzner. Gurasoek kafetegi bat zuten, eta garaiko aktore eta zuzendari ospetsuenak, besteak beste, Charles Chaplin, William S. Hart eta Erich von Stroheim, bertan biltzen ziren.

Kalifornia Hegoaldeko Unibertsitatean lizentziatu eta I. Mundu Gerran anbulantzia gidari gisa aritu ostean, Arzner kazetaritzaren munduan sartu zen, baina, lagun baten bitartez William C. DeMille zuzendaria (Cecil B. DeMille ezagunaren anaia) ezagutu zuenean,  bere bizitzaren norabidea aldatu egin zen betiko: zinemako zuzendari izan nahi zuela erabaki zuen.

Zinemaren munduan egin zuen lehen lanean, eszenografo aritu zen Players-Lasky estudioan (geroago Paramount izango zena), filmen gidoiak transkribatzen. Bere trebeziari eta borondate sendoari esker, erantzukizun handiagoko lanak lortzen joan zen: sinopsi idazle, errodajeko script eta, azkenik, muntatzaile.

Muntaketa gelan irabazi zuen Arznerrek osperik handiena Hollywoodeko industriaren barruan; guztira 52 filmetan lan egin zuen eta sarritan lagundu zion James Cruze zuzendariari. Rudolph Valentino protagonista zuen "Blood and Sand" (Odola eta harea, 1922) film ezagunean muntaketa lan bikaina egiteaz gain, bigarren unitatearen grabaketaz arduratu zen, zezenketei buruzko eszenetan. Horrez gain, gidoilari ere aritu zen Cruzeren zenbait lanetan.

Arznerrek presioa egin zion Paramount etxeari film bat zuzentzen utzi ziezaion, eta estudioko zuzendariak mehatxatu zituen, Columbia estudio lehiakideak eginiko lan eskaintza bat onartuko zuela esanda. Azkenik, "Fashions for Women" (1927) filma zuzentzea lortu zuen, eta, hurrengo urtean, soinudun film bat zuzendu zuen historiako lehen emakumea izan zen: "Manhattan Cocktail" (1928).

Ondoren, 1930eko hamarkadan eta 1940ko hamarkadaren hasieran, 15 film gehiago zuzendu zituen, eta Hollywoodeko izar handiekin lan egin zuen, besteak beste, Clara Bow, Katharine Hepburn, Fredric March, Rosalind Russell, Claudette Colbert, Maureen O'Hara eta Joan Crawfordekin.

Haiekin guztiekin emakumeen pertsonaiek garrantzi berezia zuten komediak eta melodramak egin zituen, hala nola "The Wild Party" (1929), "Anybody's Woman" (1930), "Sarah and Son" (1930), "Honor Among Lovers" (1931), "Working Girls" (1931), "Merrily We Go to Hell" (1932), "Christopher Strong" (1933), "Nana" (1934), "Craig's Wife" (1936) eta "The Bride Wore Red" (1937).

1933an AEBetako Zuzendarien Sindikatuan sartu zen lehen emakumea izan zen, eta hainbat hamarkadaz emakumezko bakarra. Horrez gain, pertikako mikrofonoaren asmatzailea izan zen, soinudun zinemaren lehen urteetan arrantzarako kanabera bati lotutako mikrofono bat erabiltzen hasi baitzen.

Urteekin asko harekin ahaztu baziren ere, 1960ko hamarkadako mugimendu feministek aldarrikatu egin zuten Arznerren izena, eta hainbat omenaldi egin zizkioten, besteak beste, AEBetako Zuzendarien Sindikatuak, 1975ean. Gaur, Arznerren filmografiak balio berria hartu du, ez bakarrik AEBetako zinemaren barruan salbuespen bitxia izateagatik, baita berez dituen balioengatik ere.

Arznerren lanek arrastoa utzi zuten. Estilo bisual landuko film haietan zalantzan jarri zituen garaiko sexu rolak, bai eta emakumeak gizartean betetzen zuen zeregina ere, eta Hollywoodeko egitura zurrunaren barruan ukitu homosexual ezkutuak sartzea lortu zuen, zenbait kritikariren esanetan.