Itxi

Zinemaldia 2024

Zikloa

Donostiako Zinemaldiak Ekialdeko Europako zinema berria erakutsiko du

Erredakzioa

Sobietar Batasunarekin lerratuta bizi izan ziren herrialdeetako 50 film emango dituzte Donostian, Berlingo Harresia eraitsi zuteneko 25. urteurrena betetzen den honetan.

  • "No man's land"Danis Tanovicen filma

    "No man's land"Danis Tanovicen filma

Donostia Zinemaldiaren 62. edizioak atzera begirako ziklo bat eskainiko dio Ekialdeko Europako zinema berriari, "Eastern Promises. Ekialdeko Europaren erretratua 50 filmetan" izenburupean. Zikloak Bigarren Mundu Gerraren ostean sobietarren eraginpean bizi izan ziren herrialdeetan 2000. urtetik hona ekoitzitako zinema eskainiko du.

Zikloaren bitartez, zinematografia horien sormen aberastasuna ezagutzeko aukera eman nahi du Zinemaldiak, baita azken hamarkadako talentu berriak ere. Hala, aurreiritzi eta estereotipo guztiak baztertzea lortu nahi du, eta herrialde horietako errealitatera hurbildu, bertakoen eskutik, Zinemalditik adierazi dutenez.

Aurten 25 urte beteko dira Berlingo Harresia eraitsi zutela. Gertakari horren ondorioz Gerra Hotzaren ezaugarri nagusi izandako Europaren banaketa amaitu zen, baita Sobietar Batasunak hainbat herrialderen gainean izandako menderaldia eta gainerako Europarekiko bereizketa ideologiko eta kulturala ere.

Une horretatik aurrera, gertakari historiko garrantzitsu batzuek erabat aldatu zuten "Ekialdeko Europa" izenez ezaguna zen bloke hura osatzen zuten herrialdeen geografia politikoa: Balkanetako Gerra eta Jugoslavia ohiaren banaketa tragikoa; Errumaniako iraultza; Sobietar Errepublika Sozialisten Batasunaren desagertzea, hainbat estatu kidek independentzia aldarrikatu ostean; Txekoslovakiaren banaketa, eta abar.

Erregimen komunista zaharretatik merkatu ekonomietara aldatzea eta erregimen sobietarrak ordura arte zapaldutako kultur produktuak eskuratzeko aukera ere erabakigarria izan zen herrialde horietako gizarte aldaketak eragiteko orduan, bai komunismoan bizi izan ziren belaunaldien artean, bai Berlingo Harresia erori ostekoetan ere.

Horrela, 25 urte eskasetan gizarte komunistak goitik behera eraldatu dituzten gertakari horiek beren isla izan dute herrialde horietan eginiko zineman, eta orain, prozesu sozial eta politiko horien erregistro eta lekuko da. Besteak beste, Errumania, Hungaria, Polonia eta Txekiar Errepublikatik datozen zinemagileen belaunaldi berriek mundu osoko kritikarien eta ikusleen arreta bereganatu dute, bai eta zinema ekoizpenetan pizgarri berriak dituzten herrialdeetako proposamenek ere: Bulgaria, Errepublika Baltikoak, Eslovakia, Eslovenia, Moldavia eta Mazedonia.

Guztiek ere "imaginario berriak" eskaintzen dizkiete ikusleei: egungo giza paisaiak erretratatzen dituzten gai sozialeko filmak; orain arte ezkutuan izan diren azken hamarkadetako gertakariei buruzko birsorkuntza historikoak; publiko berri bati zuzenduriko genero zinemako ereduak; heredatu duten munduari buruz beren ikuspegia eskaini nahi diguten zinemagile berrien lanak.

Gizarte horien irekitasuna, haiei buruzko kritikak eta gogoeta historikoak, edo haien etorkizunaren gaineko ziurgabetasuna dira zinema aberats honek landuko dituen gaietako batzuk, eta, zalantzarik gabe, hainbat hamarkadaz ezagutu ezin izan genuen eta egungo errealitate berriari aurre egin behar dion Europa hori hobeto ulertzen lagunduko digute.

50 film

Atzera begirakoak 50 film bilduko ditu guztira, honako herrialde hauetakoak: Albania, Bosnia, Bulgaria, Kroazia, Eslovakia, Eslovenia, Estonia, Hungaria, Letonia, Lituania, Mazedonia, Moldavia, Polonia, Txekiar Errepublika, Errumania. Film horietako asko argitaragabeak dira gure herrialdean.

Zikloan ikusiko diren filmen artean daude "No Man's Land" (2001), Danis Tanovic zuzendariarena; "The Blacks" (2009), Goran Devic eta Zvonimir Juric zuzendariena; "Children of Sarajevo" (2012), Aida Begicena; "The Parade" (2011), Srdan Dragojevicena; "How I Killed a Saint" (2004), Teona Strugar Mitevska zuzendariarena; "The Temptation of St. Tony" (2009), Veiko Õunpuurena.

Halaber, "Cooking History" (2009), Peter Kerekesena; "The Wild Bees" (2001), Bohdan Slama zuzendariarena; "Hukkle" (2002), György Palfirena; "The Death of Mr. Lazarescu" (2005), Cristi Puiurena; "12:08 East of Bucharest" (2006), Corneliu Porumboiurena; eta "Panihida" (2012), Ana-Felicia Scutelnicu eta Tito Molina zuzendariena ere izango dira ikusgai, besteak beste.

Zikloa osatzeko Mathieu Darrasek koordinaturiko argitalpen bat aterako du Zinemaldiak. San Telmo Museoa, Donostia 2016 Europako Kultur Hiriburua, Euskadiko Filmategia eta CulturArts IVACekin batera antolatu da atzera begirakoa.