Zinemaldia 2024
Igandea
Antonio Banderasek robotak dakartza Zinemaldira, iganderako
Natxo Velez | eitb.eus
Gaur Sail Ofizialean “Automata” (Gabe Ibañez), “The Drop” (Michaël R. Roskam) eta “A second chance” (Susanne Bier) ikusi ahalko dira.
Donostiako Nazioarteko Zinemaldiak Sail Ofizialeko aurtengo zerrenda marduleko filmak erakusten jarraitzen du tai gabe. Asteburua bukatzeko ikusi ahalko diren filmak, hauexek: “Automata”, Gabe Ibañezen zientzia-fizkiozko lana; “The Drop”, Michael R. Roskamen lana; eta “A Second Chance”, Susanne Bier 2010ean Mundu hobe batean lanarekin atzerriko film onenaren Oscar saria irabazi duen daniar zuzendariaren filma.
“Automata” etorkizun hurbilean dago kokatuta, eta Jacq Vaucanen istorio kontatzen du. Segurtasun protokoloak gainditu dituzten automata batzuk egindakoak ikertzen dihardu Vaucanek, eta, ezustean, gertakari harrigarri batzuen lekuko izango da. Gabe Ibañezen filmean, besteak beste, Antonio Banderas eta Melanie Griffith aktoreek lan egin dute.
“A second chance” filmak, bestalde, “tragediak bidezkoaren eta bidegabearen arteko marra ezabatzen duenean gizon-emakume arruntak noraino irits daitezkeen” erakuten du.
Eguneko hirugarren proposamena “The Drop” da, Brooklyneko azpiko mundua erakusten duen filma. Gidoigilea Dennis Lehane idazle handia da, “Mystic River”, “Shutter Island” eta beste eleberri arrakastatsu batzuen egilea. Aktoreen zerrendan Tom Hardy eta James Gandolfini daude.
Halaber, egunak beste hamaika aukera ekarriko ditu: “Dixie eta matxinada zonbia” animaziozko filma Belodromoan (18:00), “Tentelak eta ergelak”, “Notas en movimiento” (Oskar Tejedor) antzerkiaren zirrikituetan barneratzen den istorioa, “Zarautzen ikusi zuen” eta “Hubert Le Blonen azken hegaldia” film laburrak…
Zer nahi, hura emango dio Zinemaldiak zinemazaleari igande honetan ere.