Itxi

Zinemaldia 2024

programazioa

Ewan McGregorrek 'American Pastoral' filma aurkeztuko du gaur

N.B | eitb.eus

"American Pastoral" fmaren estrenaldiaz gain, "Yourself and Yours" eta "Ikari / Rage" filmak hartuko ditu gaur Donostiako Zinemaldiak.

Donostiako Zinemaldiak American Pastoral filmaren Europako estreinaldia hartuko du gaur, hilak 23. Ewan McGregor 2012an Donostia saria jaso zuen aktorearen filma Sail Ofizialean lehiatuko da; eskoziarrak kameren atzean egindako lehendabiziko lana da.

Askoren ustez bere belaunaldiko aktore onenetakoa da Ewan McGregor eta, zalantzarik gabe, publikoaren onespena irabazi du bere lanarekin, jorratu dituen genero, estilo eta arlo guztietan.

Philip Roth idazleari Pulitzer saria ekarri zion eleberria du oinarri filmak, eta AEBko familia baten barne kontakizuna egiten du, hainbat hamarkadatan zehar. Bizimodu idilikoa txiki-txiki eginda geratuko da, AEBren kultura-egitura betiko aldatu zuen asaldura sozialak eta politikoak eraginda.

 

 

Zinemaldiaren azken txanpan Koreako Hong Sang-soo zuzendari entzutetsuaren Dangsinjasingwa dangsinui geot (Yourself and Yours) izango da gaur lehian, film onenaren Urrezko Maskorra lortzeko.

1996an The day a pig fell into the well harrigarriarekin debuta egin zuenetik, Hong Sang-sook hizkera zinematografiko eta estetika oso bereziak garatu ditu idatzi eta zuzendu dituen 17 filmetan zehar, eta horri esker gaur egungo korear egilerik sendoenetako bat da. Haren filmografian, honako hauek nabarmendu daitezke: Right now, wrong then (2015), In another country (2012), Hahaha (2010) eta Woman on the beach (2006).

Youngsoo margolariak jakin du bere emaztegai Minjung beste gizon batekin izan zela kopa batzuk hartzen eta harekin borroka egin zuela. Gau hartan bikoteak eztabaida bat izango du, eta Minjung etxetik irtengo da, denbora-tarte batean elkar ez ikustea komeni zaiela esanez. Biharamunean, Youngsoo haren bila joango da, baina ez du topatuko. Bien bitartean, Yeonnman aldean, Youngosso bizi den tokian, Minjung-ek, edo haren berdin-berdina den beste emakume batek, hitzorduak izango ditu hainbat gizonekin. Youngsoo noraezean ibiliko da kaleetan zehar, bere buruaren kontra borrokan edo, bestela esanda, munduaren kontra borrokan.

 

 

Bestalde, Japoniako Lee Sang-il bere laugarren filma aurkeztuko du gaur Zinemaldian: Ikari / Rage. Drama, amodio eta suspense filma horren protagonista Ken Watanabe (Origen, Batman Begins odo Azken samuraia) aktore ospetsua da.

Gela batean, bortizki eraildako pertsona batzuen gorpuak agertu dira, eta hormetako batean, biktimen odolarekin idatzia, "amorru" hitza. Urtebete geroago, oraindik ez dute hiltzailea aurkitu. Kasuak besteez fidatzeko jendearen gaitasunari eragin dio, bereziki Tokio inguruko arrantzale-herrixka bateko hiru bikoterentzat, eta Okinawa-rentzat, zeinak iragan misteriotsuko pertsona bat ezagutu berri duen. Konfiantzatik harago, amorrua dago. Eta amorruak, bortizkeria ekartzeaz gain, hilketa baten atzean datzan misterioa argitara atera dezake.

ZABALTEGI-TABAKALERA

Urteko zinema-proposamen harrigarrienei eta erakargarrienei zabaldutako lehiazko sailean izango dira gaur: Pablo Alvarez txiletarraren El extraño; The Illinois Parables (Deborah Stratman); O Ornitólogo / L'ornithologue (João Pedro Rodrigues); 489 Years (Hayoun Kwon); Louise en hiver / Louise By The Shore (Jean-François Laguionie); eta El viento sabe que vuelvo a casa (Jose Luis Torres Leiva).
PERLAK

Perlak, Espainian argitaratu gabeko urteko film luze nabarmenen sailaren barruan, gaur, Joachim Lafosse zuzendariaren L' économie du couple / After Love filma izango da ikusgai.

 

 

ZUZENDARI BERRIAK

Yi bai wu shi sui de sheng huo / One Hundred and Fifty Years of Life filma izango da gaur ikusgai Zuzendari Berriak sailean. Horretan, Han 90 urteko gizon baten istorioa kontatzen da. Urritasun mental bat duen 60 urteko semearekin bizi da, Pekineko hegoaldean. Bi alabek Han-en apartamentua gutiziatzen dute eta haren pentsioaz jabetzen dira. Han-en kezkarik handiena, dena den, beste bat da: zer gertatuko zaion semeari bera hildakoan. Egun batean, Han-en semea hiri inguruko auzo batean abandonaturik utziko du haren suhiak, eta desagertu egin dela kontatuko du.

SEBASTIANE SARIA

Gehitu-k, Euskal Herriko lesbiana, gay, transexual eta bisexualen elkarteak Sebastiane Saria emango du gaur. LGTBI kolektiboko herritarren oinarrizko eskubideen aldeko borrokan nabarmendu den pertsonari edo erakundeari eskaintzen zaio.

Aurten bere 17. edizioa ospatzen duen sari honetan 11 hautagaien artean aukeratua izango da.

 

go da.

 

go da.

 

go da.