Zinemaldia 2024
“American pastoral”
Ewan McGregorrek amerikar ametsaren haustura filmatu du
Natxo Velez | eitb.eus
Eskoziar aktoreak kamera atzean eginiko lehen lana aurkeztu du Zinemaldiko Sail Ofizialean. “American pastoral” Philip Rothen eleberri saritua pantailara eramateko erronka handiari heldu dio bertan.
Zalantzarik gabe, tipo ausarta da Ewan McGregor (Donostia saria 2012an, "Trainspotting", "Star Wars", "Moulin Rouge", "Big fish"…). Bestela, ez zen inoiz ausartuko zuzendari gisa eginiko lehen lanean "American pastoral" eleberriari heldu eta, gainera, Dakota Fanning eta Jennifer Connellyrekin batera aktore taldeko buru izatera.
Eskoziar aktoreak 60ko hamarkadan, egun batetik bestera, bere bizimodu eredugarri baina hauskorra gainbehera etortzen dela ikusten duen familia baten istorioa ekarri du Donostiako 64. Zinemaldiko Sail Ofizialera. Orduan, Seymour Levovek (Ewan McGregor) eta Dawn emazteak (Jennifer Connolly), familia horretako kideek, errealitateari aurre egin beharko diote, sendi perfektuaren oskolapean ezkutaturik lozorroan egon diren sentimenduekin borrokatu beharko dira.
McGregorrek kasualitatez hartu zuen zuzendaritzaz arduratzeko zeregina, proiekzioaren osteko prentsaurrekoan azaldu duenez, aktore gisa egin behar zuen proiektua bertan behera gelditzea ekiditeko, eta, John Romano gidoigilearekin batera, eleberriko gertakariak pantailaratzera mugatu da. Hain zuzen ere, hori da nabarmen pelikula eleberriaren izalean gelditu izanaren zergatia.
Izan ere, "American pastoral" eleberria lan ikaragarria da, ikus-entzunezko mintzairak nekez adieraz dezakeen sakontasun zabalekoa, eta, zinemako egokitzapenean, muzin egin diote Philip Rothen laneko digresioak, hausnarketak, atzerako eta aurrerako saltoak eta iritzi aldaketak erakusteari; hots, eleberriko alderik interesgarriena pelikulatik kanpo utzi dute. Eleberriaren harian gertakariak hausnarketarako aitzakia huts dira, baina pelikulan kontatzen direnek ez dute halako hausnarketarik piztuko.
"Eroso", aktore eta zuzendari gisa
Ewan McGregorrek kazetariei oso aldarte onez azaldu dienez, oso eroso uztartu ditu aktore eta zuzendari lanak, nahiz eta, noski, "produkzioaren esparru guztietan erakitzeko ahalmena edukitzeak erantzukizun maila handiagoa dakarren".
McGregorrek, gainera, bere lanaren kritikarik irakurtzen ez duela adierazi du ("hasieran, gehiegi haserretzen nintzen besteen iritziekin, eta horrelakoak irakurtzeari utzi nion"), eta "T2"ri, "Trainspotting" film mitikoaren jarraipenari, buruzko hainbat datu argitu ditu. Danny Boylek eta lehen ataleko aktoreek abuztu amaieran amaitu zuten filmatzen, Edinburgon, eta Erresuma Batuan urtarrilean estreinatuko dute: "Zoragarria izan da 20 urte geroago elkarrekin lan egitea eta Boyleren eskuetan jartzea. Aktore gisa dudan onena, berak atera dit", esan du.
Jennifer Connellyk, bestalde, aktore batek zuzendu izana bere pertsonaia sortzeko oso lagungarria izan dela esan du, "oso emakume interesgarria, indartsua eta hauskorra baita Dawn".
ra baita Dawn".