Itxi

Zinemaldia

Zinemaldia

Zinemaldia

Irailaren 26an

Ricardo Darinek Donostia saria jasoko du

eitb.eus

Argentinar aktoreak, gizonezko aktore nagusi onenaren 2015eko Zilarrezko Maskorraren irabazleak, ‘La cordillera’ Santiago Mitreren filma aurkeztuko du Donostiako 65. Zinemaldian.

1:26

Ricardo Darin 1957an Buenos Airesen jaiotako aktoreak Donostiako 65. Zinemaldiko Donostia saria jasoko du, irailaren 26an. 2015ean "Truman" filmean egindako lanagatik Javier Camara espainiarrarekin batera gizonezko aktore onenaren Urrezko Maskorra irabazi zuen aktorearen ibilbide osoari aitorpena egingo dio, horrela, zinema jaialdiak.

Donostian La cordillera Santiago Mitreren lana aurkeztuko duen aktoreak Adolfo Aristarain, Juan José Campanella, Fabián Bielinsky, Fernando Trueba, Pablo Trapero, Cesc Gay eta Santiago Mitre zuzendariekin lan egin du, besteak beste.

Mitreren azken lan hau Txilen dago girotua, latinoamerikar presidenteen goi-bilera batean, eta, Darinekin batera, Dolores Fonzi, Erica Rivas, Elena Anaya, Daniel Gimenez Cacho, Alfredo Castro, Paulina Garcia eta Christian Slater agertzen dira. Irailaren 26an bertan, asteartearekin, proiektatuko dute, Kursaal auditorioan.

Darinek bost urterekin egin zuen interpretazioan debuta, telesailetan, eta 1979an ekin zion bere ibilbide zinematografikoari, Julio Porteren (La carpa del amor) eta Adolfo Aristarainen (La playa del amor) eskutik

80ko eta 90eko hamarkadetan berriz ere aritu zen Aristarainekin lanean (The Stranger, 1987), baita Alberto Lecchi (Perdido por perdido, 1993), Eduardo Mignogna (El faro, 1998) eta Juan José Campanellarekin (El mismo amor, la misma lluvia, 1999) ere, baina batik bat Fabián Bielinskyren lehen lanari esker, Nueve reinas (2000), hasi zen nazioartean ezaguna izaten.

 


2015ean Zilarrezko Maskorra irabazi zuen, Javier Camararekin batera

 

Ondoren, Latinoamerikako eta Espainiako zinemagintzako funtsezko film batzuk egin zituen: kasurako, El hijo de la novia (2001, atzerriko film onenaren Oscar sarirako izendatua), Luna de Avellaneda (2004), El secreto de sus ojos (2009, atzerriko film onenaren Oscar saria) eta Relatos salvajes. 2007an zinema-zuzendari gisa debutatu zuen, La señal filmarekin, Martín Hodara-rekin elkarlanean, eta aurten ere berriz aritu da harekin Nieve negra filmean.

Manuel Gutierrez Aragonek adierazi bezala, "badirudi jokatzen dituen pertsonaia guztiak beretzat idatzi direla berariaz, eta bere antzezpenerako soilik. Filma ikusi ondoren, eta gogora ekarri eta berrikusten dugunean, ez genuke onartuko Darinek ez beste inork joka zezakeenik benetan pertsonaia hori. Horregatik ez gara inoiz nekatzen haren filmez".

haren filmez".