Itxi

Zinemaldia

Zinemaldia

Zinemaldia

Itxiera gala

Urrezko Maskorra, James Francoren 'The Disaster Artist' filmarentzat

O.A. | EITB.EUS

Zuzendari onena Anahi Berneri, emakumezko aktore onena Sofia Gala eta gizonezko aktore onena Bogdan Dumitrache izan dira, John Malkovich buru izan duen epaimahaiaren aburuz.

2:43

The Disaster Artist James Franco zuzendari eta aktore estatubatuarraren filma izan da, Sail Ofizialeko epaimahaiaren iritziz, Donostiako 65. Zinemaldiko filmik onena, eta berorrek eraman du sari nagusia, Urrezko Maskorra.

"Zoramen garai hauetan, balio dezala argitasun eta inspirazio pixka bat jartzeko", esan du James Francok oholtzara igo denean saria jasotzera. "Guztiok gaude erotuta eta guztiok ditugu amets handiak", gaineratu du. Aurrez, sariagatik eskerrak eman ditu, euskaraz eta gaztelaniaz.

James Francok ziurtatu duenez, ez du sekula ahaztuko Donostiako egonaldia; besteak beste, bezperako gaua ospitalean pasatu behar izan zuelako bikotekideak "arazo bat" izan zuelako.

John Malkovich izan da Sail Ofizialeko epaimahaiaren burua, eta, besteak beste, Dolores Fonzi eta Emma Suarez antzezleak, William Oldroyd zinemagilea, Paula Vaccaro ekoizle eta gidoilaria, Jorge Guerricaechevarria gidoilaria, André Szankowski argazki-zuzendari brasildarra eta Fabio Cianchetti argazkilaritza zuzendaria izan ditu epaimahaikide.

Gizonezko aktore onenaren Zilarrezko Maskorra Bogdan Dumitrache aktore errumaniarrak irabazi du, Pororoca Constantin Popescu zuzendariaren filmean eginiko lanagatik.

 

 

Sofia Gala Castiglione aktoreak emakumezko aktore onenaren Zilarrezko Maskorra jaso du, hain zuzen ere, Anahi Bernerik zuzendutako Alanis filmean eginiko lanagatik.

 

 

Zuzendari onenaren Zilarrezko Maskorra ere Alanis filmarentzat izan da; izan ere, Anahi Bernerik irabazi du.

 

 

Epaimahaiaren Sari Berezia, berriz, Aitor Arregik eta Jon Garañok zuzendutako Handia euskarazko filmak bereganatu du.

 

 

Sail Ofizialeko epaimahaiak ematen dituen beste bi sariak, gidoi eta argazkilaritza onenarenak, Diego Lerman eta Maria Meirarentzat (Una especie de familia) eta Florian Ballhausentzat (The Captain) izan dira, hurrenez hurren.

Zabaltegi-Tabakalera, Horizontes Latinos eta Zuzendari Berriak

Zabaltegi-Tabakalera sailean, Braguino Clement Cogitoren lana saritu dute.

Horizontes Latinosi dagokionez, Los perros Marcela Said txiletarraren filma nagusitu da.

Kutxa-Zuzendari Berriak atalean, berriz, Le semeur Marine Francenen filmak eraman du sari nagusia.