Itxi

Zinemaldia

Zinemaldia

Zinemaldia

66. edizioa

Hirokazu Kore-eda japoniar zuzendariak Zinemaldiko Donostia saria jasoko du

eitb.eus

Ekitaldia Victoria Eugenia izango da, eta "Manbiki kazoku / Shoplifters" Canneseko jaialdian Urrezko Palma irabazi zuen pelikula emango dute. Donostia saria jaso duen lehen zinemagile asiarra da.

  • Bi aldiz irabazi du Kore-edak Publikoaren saria Donostian. Argazkia: Jorge Fuembuena.

    Bi aldiz irabazi du Kore-edak Publikoaren saria Donostian. Argazkia: Jorge Fuembuena.

Hirokazu Kore-eda zuzendari japoniarrak (Tokio, 1962) Donostia Zinemaldiaren 66. edizioko Donostia saria jasoko du. Kore-eda izango da Zinemaldiaren ohorezko saria jasotzen duen lehen errealizadore asiarra, eta Victoria Eugenia antzokian emango diote, Manbiki kazoku / Shoplifters filma proiektatu aurretik.

2018koarekin, hamargarren aldiz parte hartuko du Kore-edak Donostia Zinemaldian. Aurretik, Sail Ofizialean lehiatu da Wandafuru raifu / After Life (1998), Hana yori mo naho / Hana (2006), Aruitemo auritemo / Still Walking (2008) eta Kiseki / I Wish (Milagro, 2011) –gidoi onenaren saria lortu zuen– filmekin; Zabaltegi-Bereziak sailean Nochi-no-hi / The Days After (2011) eta Perlak sailean Soshite chichi ni naru / Like Father, Like Son (2013), Umimachi Diary / Our Little Sister (2015), Umi yori mo mada fukatu / After Storm (2016) eta Sandome no satsujin / The Third Murder (2017) filmekin.

Kore-eda 1962an jaio zen Tokion, Waseda Unibertsitatean graduatu zen 1987an, eta TV Man Union telebista-ekoizpeneko konpainian hasi zuen bere ibilbidea, zenbait dokumentalen zuzendari-lanetan.

1995ean, zineman debutatu zuen Maboroshi no hikari / Maborosi filmarekin, Teru Miyamotoren nobela bat egokituta. Ordurako, bere estiloa azaldu zuen eta bere lanetan behin eta berriro agertu diren gaiak jorratu zituen, esaterako, familia-harremanak eta pertsona maiteak desagertzeak sortzen duen hutsunea.

Bere bigarren filmak, Wandafuru raifu / After Life-k (1998), fantasiazko zinemaren eta teknika dokumentalen arteko fusio originalak, bere talentua berretsi besterik ez zuen egin Donostia Zinemaldian estreinatu eta gero.

Zinema historikoa eta samuraien gaia jorratu eta gero, azken urteetan, Kore-edak familiarekiko eta haurrekiko interesa lehenesten jarraitu du, oroipenari, galerari eta bizitzearen esperientzia gazi-gozoari buruzko drama sentikorren bidez: Kiseki / I Wish (2011), gidoi onenaren saria lortu zuena Donostia Zinemaldian; Soshite chichi ni naru / Like Father, Like Son (2013) eta Umimachi Diary / Our Little Sister (2015)¸ Canneseko zinema-jaialdiko Sail Ofizialean estreinatu zirenak; Umi yori mo mada fukatu / After the Storm (2016), Canneseko zinema-jaialdiko Un Certain Regard sailean aurkeztu zena; eta Sandome no satsujin / The Third Murder (2017) drama judiziala, Veneziako zinema-jaialdian lehiatu zena.