Zinemaldia 2024
66. Zinemaldia
'Vitoria, 3 de marzo' filmaren estreinaldia izango da gaur EiTB Galan
Eitb.eus | erredakzioa
Victor Cabacoren lehen lanak Arabako hiriburuan 1976an izandako gertakari latzak erakutsiko ditu. Sail Ofizialean 'Illang: The Wolf Brigade', 'Quién te Cantará' eta 'Vision' aurkeztuko dituzte.
-
'Vitoria, 3 de marzo'-ren grabazioa. Argazkia: EiTB
Donostiako Zinemaldiak estreinaldi handia hartuko du gaur: Vitoria, 3 de marzo. EiTB Galaren barruan izango da pelikularen emanaldia, 21:30etik aurrera, Victoria Eugenia antzokian. Ekitaldia zuzenean ikusi ahal izango da eitb.eus-en.
Víctor Cabacoren (Santander, 1967) Vitoria, 3 de marzo lana da zuzendari espainiarraren lehen film luzea, eta 1976an poliziaren tiroek bost langile hil zituztenean euskal hiriburua astindu zuten gertakariak islatu ditu.
Amaia Aberasturi aktorea du protagonista nagusi: Begoña erdi-mailako klaseko familia batean bizi den 18 urteko emakumea da. Bertatik bertara biziko ditu "sekula ezer gertatzen ez den hiri bat" astindu zuten gertaera horiek. Geroz eta gehiago gogortuz doan gatazka baten erdian, bai bera, bai horren familia, zeinen alde jarri aukeratu beharrean aurkituko dira. Azkenean, sarraskiaren ondoren, Begoña, hiria eta herrialde osoa ez dira gehiago berberak izango.
Drama historiko honetako aktore zerrenda nagusia Mikel Iglesiasek, Ruth Diazek, Alberto Berzalek, Jose Manuel Sedak eta Oti Manzanok osatzen dute.
Sail Ofiziala
Sail Ofizialean, berriz, The Wolf Brigade, Quién te Cantará eta Vision sartuko dira lehian.
Illang: The Wolf Brigade-n, Kim Jee-woon-ek 2029an girotutako istorio bat kontatuko du. Ipar eta Hego Koreako gobernuek herrialdea batzeko bost urteko plana iragarri eta gero, munduko nazio boteretsuenek ezarritako zehapenek ekonomia hondatu eta kaos garai ikaragarria ekarriko dute.
Carlos Vermutek Quién Cantará bere azken lana eramango du. Bertan Lila Cassen espainiar abeslari arrakastatsua izango da protagonista. Egun batetik bestera misterio handiz desagertuko da 90eko hamarkadako abeslari ospetsua. Hamar urteren ondoren, eszenatokietara arrakasta handiz itzultzeko prestatzen ari da Lila, baina esperotako eguna baina apur bat lehenago oroimena galduko du istripu batean.
Vision-en, Naomi Kawasek zuzendutako filmean, Jeanne Japoniara joango da sendabelar bitxi baten bila, eta bidaian Tomo basozaina aurkituko du. Hark bilaketan lagundu, eta iraganeko aztarnetan zehar gidatuko du Jeanne. Duela hogei urte, Yoshinoko basoan, bere lehenengo amodio istorioa bizi izan zuen Jeannek.