Itxi

Zinemaldia

Zinemaldia

Zinemaldia

67. edizioa

Donostiako Zinemaldiko sarrerak irailaren 15ean jarriko dituzte salgai

eitb.eus

Film guztien programazioa irailaren 11n, asteazkenarekin, egongo da kontsultagarri Zinemaldiaren webgunean. Galen sarrerak salgai daude dagoeneko.

  • Zinemaldia

    Programazio osoa irailaren 11n iragarriko dute

Donostiako Zinemaldiaren 67. edizioko sarrerak irailaren 15ean, igandean, jarriko dituzte salgai, 09:00etan, bide guztietan: Zinemaldi Plazako leihatila (Kursaaleko beheko solairuan), Kursaal Elkarguneko leihatilak (Sail Ofizialeko abonamenduak eta 10 sarreratik beherako erosketak) eta Internet (https://www.sansebastianfestival.janto.es eta http://www.tickets.kutxabank.es). Donostia Sariak emateko, inaugurazioko eta amaierako galen sarrerak salgai daude dagoeneko, duela hainbat astetatik.

Irailaren 20tik aurrera, gainera, sarrerak hemen ere erosi ahalko dira: Victoria Eugenia antzokia, Tabakalera eta Principe zinema aretoak. Irailaren 21etik aurrera, bestalde, Trueba eta Antiguo Berriko leihatiletan eskuratzeko aukera egongo da.

Antonio Elorza Belodromoko sarrerak bertako leihatilan ere egongo dira salgai, saioak hasi baino bi ordu lehenago.

Proiekzioaren egunean bertan salduko diren sarrerak 08:30etik aurrera erosi ahal izango dira Internet bidez, K1-eko arratsalde-gaueko saioetakoak izan ezik. Kasu horretan, sarrerak honela erosi beharko dira: 16:00etako saioen sarrerak, 08:30etik aurrera, Interneten, Zinemaldi Plazako leihatiletan eta Kursaaleko leihatiletan; eta gainerako saioetakoak, 17:00etatik aurrera, Kursaaleko leihatiletan.

Saio bakoitzeko, guztira 4 sarrera erosi ahalko ditu pertsona bakoitzak, eta 7,90 euro balio duten saioetarako 10 sarrera baino gehiago erostean % 25eko beherapena egingo da, baldin eta erosketa bakar batean egiten bada.

San Telmo Museoko proiekzioak, Roberto Gavaldonen atzerabegirakoari lotutakoak, doakoak izango dira, eta gonbidapenak Zinemaldi Plazako leihatiletan jaso beharko dira.

Programazioa, irailaren 11n

Zinemaldiak ohi baino lehenago jakinaraziko du aurtengo programazioa. Sail guztietako film guztien ordutegiak irailaren 11n, asteazkenarekin, kontsultatu ahal izango dira Zinemaldiaren webgunean.

Zinemaldiko emanaldi guztien informazioa biltzen duen Filmen Gida ere egun horretatik aurrera egongo da eskuragarri Tabakalerako info puntuan 1,60 euroren truke, 10:00etatik 20:00ak arte, ordutegi jarraian. Irailaren 12tik aurrera, Gipuzkoako kiosko eta liburu denda nagusietan eskuratu ahal izango da.