Publizitatea
Itxi

Zinemaldia

Zinemaldia

2019/09/15

11:05

Zinemaldia

67. edizioa

Donostiako Zinemaldiko sarrerak, salgai

eitb.eus

Sail guztietako film guztien ordutegiak irailaren 11etik argitaratuta daude Zinemaldiaren webgunean.

  • Zinemaldia

    Kursaalaren atarian, jendea zain, sarrerak erosteko. Artxiboko irudia. Argazkia: EiTB.

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Telegram
  • Bidali

Donostiako Zinemaldiaren 67. edizioko sarrerak gaur, irailak 15, jarriko dituzte salgai, 09:00etan, bide guztietan: Zinemaldi Plazako leihatila (Kursaaleko beheko solairuan), Kursaal Elkarguneko leihatilak (Sail Ofizialeko abonamenduak eta 10 sarreratik beherako erosketak) eta Internet. Donostia Sariak emateko, inaugurazioko eta amaierako galen sarrerak salgai daude dagoeneko, duela hainbat astetatik.

Irailaren 20tik aurrera, gainera, sarrerak hemen ere erosi ahalko dira: Victoria Eugenia antzokia, Tabakalera eta Principe zinema aretoak. Irailaren 21etik aurrera, bestalde, Trueba eta Antiguo Berriko leihatiletan eskuratzeko aukera egongo da.

Antonio Elorza Belodromoko sarrerak bertako leihatilan ere egongo dira salgai, saioak hasi baino bi ordu lehenago.

Proiekzioaren egunean bertan salduko diren sarrerak 08:30etik aurrera erosi ahal izango dira Internet bidez, K1-eko arratsalde-gaueko saioetakoak izan ezik. Kasu horretan, sarrerak honela erosi beharko dira: 16:00etako saioen sarrerak, 08:30etik aurrera, Interneten, Zinemaldi Plazako leihatiletan eta Kursaaleko leihatiletan; eta gainerako saioetakoak, 17:00etatik aurrera, Kursaaleko leihatiletan.

Saio bakoitzeko, guztira 4 sarrera erosi ahalko ditu pertsona bakoitzak, eta 7,90 euro balio duten saioetarako 10 sarrera baino gehiago erostean % 25eko beherapena egingo da, baldin eta erosketa bakar batean egiten bada.

San Telmo Museoko proiekzioak, Roberto Gavaldonen atzerabegirakoari lotutakoak, doakoak izango dira, eta gonbidapenak Zinemaldi Plazako leihatiletan jaso beharko dira.

Programazioa

Zinemaldiak ohi baino lehenago jakinarazi du aurtengo programazioa. Sail guztietako film guztien ordutegiak irailaren 11etik argitaratuta daude Zinemaldiaren webgunean.

Zinemaldiko emanaldi guztien informazioa biltzen duen Filmen Gida ere eskuragarri  dago Tabakalerako informazio gunean 1,60 euroren truke, 10:00etatik 20:00ak arte, ordutegi jarraian. Gipuzkoako kiosko eta liburu denda nagusietan ere eskuratu ahal izango da.

Lankidetza

EiTBk eta Donostia Zinemaldiak lankidetza-hitzarmena berritu dute ostiral honetan, irailak 13, Donostiako Victoria Eugenia antzokian izan den ekitaldian. Jose Luis Rebordinos Donostia Zinemaldiko zuzendariak eta Maite Iturbe EiTBko zuzendari nagusiak sinatu dute ituna. Hartara, Zinemaldiarekin duen konpromisoa berritu ondoren, aurten ere EiTBk Zinemaldiaren berri eman eta jarraipen handia egingo dio Taldearen hedabide guztietan. 

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena