Itxi

Zinemaldia 2024

Zinemaldia 2019

Donostia Zinemaldiko EiTB Galan 'Una ventana al mar'en aurrestreinaldia eskainiko da

EiTB

Miguel Angel Jimenezek zuzendutako drama erromantikoaren emanaldi berezia izango da EiTB Galan asteazken honetan, irailak 25, 21:30ean, Victoria Eugenia antzokian.

  • Gaizka Ugarte, Miguel Ángel Jiménez, Edu Barinaga eta Emma Suárez aurkezpenean

    Gaizka Ugarte, Miguel Ángel Jiménez, Edu Barinaga eta Emma Suárez. Argazkia: EiTB

Asteazken honetan, Donostia Zinemaldiko EiTB Galan, Miguel Angel Jimenezen Una ventana al mar filmaren aurrestreinaldia eskainiko da. Emanaldi berezia 21:30ean izango da, Victoria Eugenia antzokian. Goizean, filmaren nondik norakoak aurkezteko prentsaurrekoa egin da Londres hotelean. Bertan, Edu Barinaga ETBko zuzendariarekin batera, Miguel Angel Jimenez filmaren zuzendaria eta Emma Suarez eta Gaizka Ugarte aktoreak egon dira.

Miguel Angel Jimenezek (Madril, 1979) zuzendu du Emma Suarez protagonista duen drama erromantikoa. Euskal eta greziar koprodukzio hau Euskal Zinemaren Irizar sarirako lehian arituko da. Kinoskopik Film Produktion, Heretic eta Gariza Films ekoiztetxeen artean egin dute pelikula. 

Albiste batek bizitza aldatzen dionean, Mariak (Emma Suárez), berrogeita hamabost urteko emakume bilbotarrak, lagunekin Greziara bidaiatzea erabakiko du, semea (Gaizka Ugarte) eta sendagileak aurka agertu arren. Bat-bateko erabaki batek Nisyros uhartera eramango du: leku baketsu eta lasaia da, eta etxean bezala sentituko da berehala. Uharte ederra ezagutu eta bertako altxor ezkutuen bila dabilen bitartean, Stefanos (Akilas Karazisis) ezagutuko du, eta, ustekabean, maitemindu egingo da. Errealitatetik ihesaldi laburra zirudiena zoriona lortzeko ustekabeko aukera bihurtuko da laster. 

Greziako Nisyros uhartean dago kokatuta filma. Indarrez eta itxaropenez betetako istorioa kontatzen du. Azken aukerei, galerari eta heriotzari beldurrik izan gabe, beste pertsona baten maitasunaz babestuta aurre egiteari buruzko kontakizuna da. 

Jimenezek Luis Moyarekin eta Koldo Gamboarekin batera idatzi du filmaren gidoia. Zuzendariak Nisyrosera egin zuen bidaia eta errealitateari buruz idazteko gogoa daude historiaren sorburuan. "2013ko udan, nire ama minbiziaren ondorioz galdu eta hiru hilabetera, Nisyrosen nengoen scooter baten gainean. Han egoteagatik eta nire lanarengatik ezagutzen nituen lekuengatik zortedun nintzela pentsatu nuen. Nire amak, behin, tratamendua uztea pentsatu eta urrutira eraman nezala eskatu zidala oroitzen dut. Asmoa, ordea, ezerezean gelditu zen. Ziur nago Nisyros asko gustatuko zitzaiola amari", azaldu du Miguel Angel Jimenezek.