Itxi

Zinemaldia

Zinemaldia

Zinemaldia

Txostena

Zinema industriako genero arrakala neurtu du Donostiako Zinemaldiak

eitb.eus

Azken edizioko filmetako profesionalen genero identifikazioari buruzko txosten bat argitaratu du jaialdiak. Parte hartu zutenen % 70 gizonezkoak izan ziren.

  • Zinemaldiko Urrezko Maskorra

    Zinemaldiko Urrezko Maskorra

Donostiako iazko Zinemaldian zuzendaritza, produkzio, gidoi, muntaketa, argazki eta musikako kategorietan parte hartu zuten profesionalen % 70 gizonezkoak ziren eta % 30 emakumezkoak, bai inskribatutako filmetan, bai azkenean zinema jaialdiak hautatutakoetan. 

Txosten honek agerian uzten duenez, emakumeek zailtasun handiagoa dute zinema industrian irauteko sartzeko baino, New Directors sailean –zinemagileen lehen eta bigarren obrak hartzen ditu– eta Nest sailean –mundu osoko zinema-eskoletako ikasleen film laburrak biltzen ditu– gainerakoetan baino emakumezko zuzendari, gidoilari eta muntatzaileen film gehiago jaso eta programatu baitziren.

Ehunekoak antzekoak dira bai inskribatu ziren eta Hautapen Batzordeak ikusi zituen filmen artean, bai Zinemaldiaren programazio ofizialean sartzeko hautatu zirenen artean. Batez beste, parte-hartzaileen % 70 gizonezkoak ziren eta % 30 emakumezkoak, eta aldea antzekoa da aztertutako sei kategorietan: zuzendaritza, produkzioa, gidoia, muntaketa, argazkia eta musika.

67. edizioaren datuak

Antolatzaileek emandako datuen arabera, oro har, hazkunde iraunkorra izaten ari da Zinemaldia, eta bere hazkunde-mugara hurbiltzen ari da. Bigarren urtez jarraian, errekorra gainditu du bai publikoaren asistentzian (178.687 ikusle), akreditazioen kopuruan (4.319) eta sarreren salmentaren ondoriozko bilketan (950.344 euro).