Itxi

Zinemaldia

Zinemaldia

Zinemaldia

IRAILAK 19

'Akelarre' filmaren egun handia, Donostia Zinemaldian

ERREDAKZIOA

EiTBk babesten duen eta Pablo Aguerok zuzentzen duen 'Akelarre' filma eta 'Patria' telesaila lehiatuko dira larunbat honetan Zinemaldiaren 68. edizioko Sail Ofizialean.

  • "Akelarre" filmaren grabaketako irudiak. Argazkia: EiTB

    "Akelarre" filmaren grabaketako irudiak. Argazkia: EiTB

Pablo Agueroren Akelarre, EiTBren partaidetza duen filma, Donostiako Zinemaldiaren 68. edizioko Urrezko Maskorra lortzeko lehiatuko da larunbat honetan.

Aguerok New Directors sailean parte hartu zuen 77 Doronship lanarekin (2009), eta Sail Ofizialean, Eva no duerme lanarekin (2015). Orain, Akelarre filmarekin lehiatzeko itzuliko da, 2017an Europa-Latinoamerika VI. Koprodukzio Foroaren ArteKino International Prize saria irabazi zuen proiektuarekin, hain zuzen.

Errealizadore argentinarraren bosgarren filma Espainiaren, Frantziaren eta Argentinaren arteko koprodukzioa da; Amaia Aberasturi eta Alex Brendemühl dira protagonistak, eta Euskal Herrian filmatu da, euskaraz eta gaztelaniaz. Drama historiko bat da, Euskal Herrian, XVII. mendean, sorginkeriarekin zerikusia duen prozesu judizial bat oinarri duena.

Sail Ofizialaren baitan, gainera, Patria telesailaren emanaldi berezia ere izango da gaur. Aitor Gabilondok HBO Europerentzat sortutako zortzi ataleko telesaila da, Fernando Arambururen eleberri arrakastatsuan oinarritua, eta Urrezko Maskorra lortzeko lehian arituko da. Euskal Herriko historiaren hiru hamarkada jorratzen ditu indarkeriak banatutako bi familiaren ikuspegitik.

Horiez gain, François Ozon (Paris, 1967) zinemagile frantziarraren Été 85 pelikula ere ikusgai izango da, eta Sail Ofizialean lehiatuko da. Film honekin, bueltan da Ozon Donostiako Zinemaldira. Aidan Chambers idazle britainiarraren Dance on My Grave lanaren itzulpena da filma. Pandemia dela eta, ezin izan zen Cannesko Zinemaldian aurkeztu. Ondorioz, beste zenbait jaialditara bidaldi zen eta Cannesko Jaialdiaren zigilua lortu zuen.  

Filma maitasun istorio bat da, nerabezaroan gazteek izaten dituzten ametsak ardatz hartzen dituena, hain zuzen ere.  85eko udan Normandia Garaian kokatzen den kostaldeko herri txiki batean gertatutako lagunarteko abentura eta itunak kontatzen ditu lanak.  Félix Lefebvre, Benjamin Voisin eta Philippine Velge aktore gazteak dira protagonista, eta horiekin batera ikusiko ditugu Isabelle Nanty, Melvil Poupaud eta Valeria Bruni-Tedeschi aktore beteranoak ere.