Itxi

Zinemaldia

Zinemaldia

Zinemaldia

Irailak 23

'Alardea' telesailaren lehen aurrerapena emango dute EiTB Galan

eitb.eus

K2000k EiTBrentzat ekoiztutako telesailaren gaua izango da Victoria Eugenia antzokian, 21:30etatik aurrera. Beste bi euskal film ekarriko du egunak: 'Atarrabi et Mikelats' eta 'Talentu'.

  • 'Alardea', EiTB Galan.

    'Alardea', EiTB Galan.

EiTBren telesail berria ikusgai izango da gaur Donostiako Zinemaldiko EiTB Galan: Alardea. 21:30ean hasiko da ekitaldia, Victoria Eugenia antzokian, eta K2000k ekoiztutako lanaren edizio berezi bat eskainiko dute bertan.

David Perez Sañudoren zuzendaritzapean jarri dira Itziar Ituño, Carmen Climent, Klara Badiola eta Iñigo Aranburu aktoreak, alardearen inguruko polemikari buruzko istorio bat kontatzeko. Perez Sañudok zuzendari, gidoilari eta ekoizle gisa egin duen lehen film luzea, Ane, New Directors sailean lehiatzen ari da aurten.

Amaia haur-hezkuntzako irakaslearen bizitza irauli egingo da, emakumeen elkarteak alarde tradizionalean desfilatu nahi duenean, horretan sartzeak komunitatearen eta familiaren kontra jar dezakeelako. Erabaki bat hartzea dilema handia izango da protagonistarentzat. Borroka horrek Edurne amarekin berriz elkartzera bultzatuko du Amaia; izan ere, ez dio inoiz amari barkatu alarde mistoaren aldeko inplikazioari garrantzi handiagoa eman izana familiaren interesei baino, eta orain ez du alarde tradizionalean parte hartuko duten senarra eta alabarekin gauza bera egin nahi.

Gure gizartean errotuta dagoen jai-desfile horren inguruan azken 25 urteotan izan den gatazkan inspiratuta, Alardeak gai unibertsalak eta gaurkotasun handikoak planteatzen ditu, hala nola belaunaldien arteko talka, herri txikietan egiten den presio soziala eta gizonek duten errekonozimendu eta ikusgarritasun bera lortzeko emakumeen borroka. Udazkenean EiTBren pantailetan egongo da ikusgai.

Kursaalean, RTVE Galan, Nacho Alvarez uruguaitarrak zuzendutako Explota explota estreinatuko dute. 70eko hamarkadako Espainian dago girotuta, eta Raffaella Carraren abestien bidez kontatuta dago.

Gainera, bi euskal film aurkeztuko dira Zinemira sailean. Atarrabi et Mikelats pelikulan, Eugene Green zuzendariak Mari jainkosaren istorio bat kontatuko du. Deabruaren esku utziko ditu aita hilkorrarekin izandako bi semeak, hark hez ditzan. Adin-nagusitasunera iristen direnean, Mikelatsek maisuarekin geratzea erabakiko du eta Atarrabik ihes egingo du, baina Deabruak bigarrenaren itzala atxikitzea lortuko du.

Atarrabi et Mikelats.

David Gonzalez Rudiez bilbotarrak, bestalde, gerrilla-zinemako zuzendari bati buruzko Talent ekarriko du. Bizitza hankaz gora jarriko dion proiektu zahar bat berragertuko zaio: azkenik, film komertzial bat, diruarekin, egitea.

Horizontes Latinos sailean, Clarisa Navas argentinarrak Iris eta Renata neska gazteen maitasun istorioa aurkeztuko du: Las mil y una.

Zabaltegi-Tabakaleran, berriz, bi film berri ikusi ahalko dira: Noche perpetua (Pedro Peralta) eta The trouble with being born (Sandra Wollnerr).