Itxi

Zinemaldia

Zinemaldia

Zinemaldia

Donostia Saria

“Falling”, barkamenari buruzko drama bat idatzi du Viggo Mortensenek

NATXO VELEZ | EITB.EUS

Estatubatuar aktore eta zuzendariak “Falling”, zuzendari gisa egindako lehen lana, aurkeztu du Zinemaldian, Donostia saria jaso aurretik.

  • "Falling" filmaren une baten irudia

    "Falling" filmaren une baten irudia. Argazkia: Donostiako Zinemaldia

Mortensen, Donostia ohorezko saria jasotzeko ez ezik, “Falling” zuzendari gisa egindako lehen film luzea aurkezteko etorri da Gipuzkoako hiriburura, zahartzaroari, beldurrari, familiari, aurreiritziei, maskulinitateari, zaintzari, memoriari eta barkamenari buruzko drama, bi denbora ardatzetan kontatua eta Sundanceko, Torontoko eta orain Donostiako jaialdietan egon dena, Cannesen zigilua izateaz gain. Ez da gutxi kamera atzean egindako lehen lan baterako.  

Denboran zehar egindako atzerapauso eta aurrerapauso bat-bateko eta etengabeen bidez (“The road” Mortensen bera protagonista zuen Cormac McCarthyren egokitzapenean zeudenak ekar ditzakete gogora), Donostia saridun berriak kontagai du John Petersonen (Mortensen bera) eta Lance Henriksenek bikain gorpuzten duen bere aita latz, erretxin, mihi-lotsagabe, misogino eta homofobo nardagarriaren (hain da okaztagarria, sinesgarritzat hartzea ere kostatzen da) istorioa.  

Familiak ingurukoen bizitza zailtzen eta lokazten tematuta dagoen aitari erakusten dion babes baldintzagabe eta irrazionala erakusten du pelikulak, eta barkatzeko eta laguntzeko ahalmenaren mugei buruzko hausnarketa egitea proposatzen du.

Pelikularen hasieran, oraindik gazte ageri den aitak barkamena eskatzen dio seme jaioberriari, hiltzeko soilik munduratu duelakoan eta, seguru asko, ohartuta bizitza hori hobetzeko ez duela askorik egingo. Pelikulak erakusten duenez, baina, haztean izan duzun testuingurua edozein dela ere, beti dago aurreko belaunalditik bereizteko aukera bat, horren kausak edo ondorioak gorabehera.  

Azken batean, “Falling” Mortensenen proiektu oso pertsonala da (gurasoei eskainita dago, eta aktore, zuzendari eta ekoizle dihardu, baita soinu-bandaren egile gisa ere), estiloa zainduz publikoarengana iristeko asmoa du, pasarte preziosistak eta interpretazio oso onak erabiliz; izan ere, Mortensen eta Henriksen beteranoena ez ezik, Hannah Gross kanadarrarena (“Mindhunter”…) ere nabarmendu behar da, garatzeko oso interesgarria litzatekeen pertsonaia baten larruan.  

¿