Zinemaldia 2024
Erakusketa
Donostia Zinemaldiaren lehen urteetako "beste begirada batzuk", Tabakaleran
N. V. | EITB Media
Argazki erakusketak hausnarketarako bi bide irekitzen ditu, Zinemaldiaren estreinako edizioetako tentsioak aztertzeko: politikoak, generokoak eta klasekoak.
-
Julia Solntseva, Zinemaldiko Sail Ofizialean parte hartu zuen lehen emakume zuzendaria
Donostia Zinemaldiak, Kutxa Fundazioak eta Elias Querejeta Zine Eskolak (EQZE) antolatu duten 'Lehen Urratsak. Beste begirada batzuk Donostia Zinemaldiaren historia bisualari (1953-1970)' argazki erakusketa inauguratu dute asteazken honetan Kutxa Kultur Plaza aretoan, Tabakalerako laugarren solairuan, Donostian.
Alde batetik, erakusketak emakumeetan jartzen du arreta, baina izarren ohiko iruditik haratago doa: Zinemaldian parte hartu zuten emakumeak aurkezten ditu, komunikabideen begiradatik urrun egon zirenak edota zinemaren historia ezarrian bazterrean utzitakoak, hala nola zuzendari edo gidoilari lanetan aritutakoak edo langileak berak.
Izar zinematografikoak eraiki eta komunikabideen kontsumo eta miresmen objektu bihurtzeko mekanismoak ere aztertzen ditu erakusketak. Adibide paradigmatiko gisa, aztertzen da komunikabideek nola eraiki zuten Marisolen rola Pepa Floresekin, Donostian 1960an lehen aldiz agertu zenetik, 12 urte baino ez zituenean, hurrengo urteetan izar ospetsu gisa egin zituen agerraldietara arte.
Bestalde, erakusketak beste tentsio puntu bat ere aztertzen du: herritarren artean Zinemaldiak sortzen zuen ikusminaren eta ekitaldi ofizial gehienen esklusibotasun eta elitismoaren artekoa, alfonbra gorriaz haratagoko mundua erakusten duten argazki batzuen bidez.
Gainera, Zinemaldiaren alderdi instituzionalenak erakusten ditu, baita diktadura frankistak egiten zuen erabilpena ere, erregimenaren nazioarteko erakustoki bezala erabiltzen baitzuen: Carmen Polo Zinemaldian erakusten dituzten irudiak, agintari zibil eta militarren presentzia ekitaldi ofizialetan, baina baita askatasunerako zirrikitu batzuk ere, hala nola Astorian 1968an egin zen 'Ama Lur' filmaren proiekzio ospetsua.
Erakusketa asteazken honetan inauguratu da, eta apirilaren 25era bitarte egongo da zabalik. 09:00etatik 21:00etara egongo da irekita astelehenetik ostiralera, 10:00etatik 22:00etara larunbatetan eta 10:00etatik 21:00etara igandeetan.