Itxi

Zinemaldia

Zinemaldia

Zinemaldia

Euskal Zinemaren Gala

Euskal zinemak Txema Areizaga eta teknikariak omendu ditu, "eurak gabe ezinezkoa litzatekeelako"

Mikel Dominguez | EITB Media

Zendutako teknikariari Zinemira saria eman diote, Donostiako Zinemaldiaren baitan. Gainera, Mikel Gurreak eta Francisco Kosterlitzek Euskal Gidoilarien Elkarteko Saria eskuratu dute, 'Suro' filmagatik.

3:37
Zinemira saria.

Euskal zinemak omenaldia egin die pelikuletan lan egiten duten teknikariei bere Zinemaldiko urteroko galan, Zinemira saria Txema Areizaga zendutako langileari emanda.

Euskal Zinemaren Galaren aurkezle Aitziber Garmendiak eta Jon Plazaolak gogorarazi dutenek, teknikaririk gabe zinema "ezinezkoa" litzateke, eta horiek ere "denok osatzen dugun puzzle bateko" piezak dira. Izan ere, euskal zinema "familia" bat da.

Teknikariaren senideek, hain zuzen, saria jaso dute Victoria Eugenia antzokian egin duten galan. Eva Arrillaga emaztea eta Maitane Areizaga alaba hunkituta igo dira Donostiako agertokira, eta eskerrak eman dio euskal zinemaren sendiari.

Txemari opa diote berea den saria, "merezi duzulako, zure lanagatik, dedikazioagatik, zinemagatiko maitasunagatik eta eskuzabaltasunagatik". Harro agertu dira euskal zinemaren munduak dion maitasunagatik. Agerian geratu da Zinemaldian. "Aita onena zen, aupa Txemari, aupa aita", esan du alabak.

Bestalde, gidoi onenaren saria 'Suro' pelikula idatzi duten Mikel Gurreak eta Francisco Kosterlitzek eskuratu dute. Euskaldunak eta argentinarrak elkarrekin lan egin dute Katalunian kokatzen den pelikularen gidoia asmatzeko. "Gidoi bat idazteak hartu eman bat eskatzen du", baita eskuzabala izatea ere, pelikularen zuzendaria ere baden Gurreak Euskal Gidoilarien Elkartearen saria hartzean gogorarazi duenez.

Ekitaldirako hautatu duten 'Gelditasuna ekaitzean' pelikula eman aurretik, emozioa, Izaroren musika ("Nora" eta "Eskaleak" jo ditu Victoria Eugenian) eta Garmendia eta Plazaolaren umorea izan dira agertokian.