Itxi

Zinemaldia

71. edizioa

Zinemirak 19 lan eskainiko ditu Donostia Zinemaldiaren aurtengo edizioko euskal parte-hartzea

EITB Media

Paco Sagarzazuk jasoko du aurtengo Zinemira Saria. Sail Ofizialeko filmeetan euskarazko azpidatziak izango dira aurrerantzean. Isabel Hergueraren "El sueño de la sultana" lana da EITBren partaidetza duen 20 filmetatik lehiatuko den bakarra.

  • "Mirande, film baterako zirriborroa" filmak itxiko du Zinemira Saila

    "Mirande, film baterako zirriborroa" filmak itxiko du Zinemira Saila

Guztira 19 lanez –15 film luzez, film ertain batez, film labur batez eta bi telesailez– osatuta egongo da Donostia Zinemaldiaren 71. edizio honetako euskal parte-hartzea, sail hauetan banatua: Sail Ofiziala, Donostia Sariaren Emanaldi Bereziak, Zabaltegi-Tabakalera, Made in Spain, Zinemira, Belodromoa eta Euskal Zinemaren, EiTB eta RTVE galak.

Jose Luis Rebordinos Zinemaldiko zuzendariak eman du ezagutzera ostiral honetan euskal parte-hartzea osatuko duten lanen zerrenda. Gainera, Rebordinosek iragarri du Paco Sagarzazuk jasoko duela aurtengo Zinemira Saria.

Edizio honetan, Zinemirak fikziozko eta ez-fikziozko bederatzi film ditu. Horietatik hiru, kontuan izanik Zinemaldian izango dutela mundu-estreinaldia, Euskal Zinemaren Irizar Saria irabazteko hautagai izango dira, Zinemaldiko beste sail batzuetako beste bi lanekin batera. Horrela, guztira bost ekoizpen lehiatuko dira 20.000 euroko saria eskuratzeko filmaren ekoiztetxeentzat.

Migratzaileek Europara iristeko egindako bidaia dramatikoa da Fermin Muguruzaren (Irun, 1963) Bidasoa 2018-2023 dokumental berriaren ardatza. Errealizadore eta musikari gipuzkoarrak Zinemaldiko hainbat sailetan erakutsi izan ditu bere lanak, hala nola Zabaltegin (Zuloak, 2012), Zinemiran (Black is beltza, 2018) eta Belodromoan (Black is beltza II: Ainhoa, 2022).

Zinemiran ohikoa da, halaber, Josu Martinez (Bilbao, 1986), beste edizio batzuetan Sagarren denbora. 25 urte deserritik itzultzen (2010) eta Paperezko hegoak (Alas de papel, 2021) filmak aurkeztu ondoren bi filmekin izango baitugu berriz sailean: batetik, Bizkarsoro alegiazko herri batean kokaturiko bost istorio errealez osatuta dago; bestetik, Mirande, film baterako zirriborroa –Zinemira sailari amaiera emango dion lana– Jon Mirande idazlearen bizitza eta lanerako hurbilketa bat da.

Arestian aipaturiko hiru filmez aparte, Euskal Zinemaren Irizar Sarirako lehian ariko dira beste sail batzuetan bildutako beste bi film. Lehenik eta behin, Isabel Hergueraren (Donostia, 1961) El sueño de la sultana animazio-filma izango dugu Sail Ofizialean; eta bestetik, Bertha Gaztelumendi (Irun, 1962) eta Rosa Zufía (Tutera, 1958) zuzendarien Arnasa betean, emakume zinegileak / A Deep Breath, Women Filmmakers (A pulmón, mujeres cineastas), irailaren 26rako programatua, Victoria Eugenia Antzokian emango da Euskal Zinemaren Galaren barnean (euskal emakumeek sortutako zineman murgilaraziko gaituzte bi zinemagileek film horretan).

Beste sei filmek osatuko dute Zinemira saileko programazioa, nahiz eta lehiaketaz kanpo izan Donostian eman aurretik estreinatu direlako. Estibaliz Urresolaren (Laudio, 1984) 20.000 especies de abejas / 20,000 Species of Bees (20.000 erle espezie) filmak emango dio hasiera sailari; egilearen lehen film luzea Berlinalean estreinatu zen eta Sofía Oterok antzezle protagonista onenaren Zilarrezko Hartza irabazi zuen. Geroago, film onenaren Urrezko Biznaga eraman zuen Málagan, baita antzeztaldeko emakumezko aktore onenaren golardoa ere Patricia López Arnaizentzat.

Halaber, lehiaketaz kanpo emango dira hauek: Irati, Paul Urkijo Alijoren (Vitoria, 1984) bigarren film luzea, Publikoaren Saria eraman zuena nola Sitgesen hala Donostiako Beldurrezko Zinemaren Astean; Las buenas compañías / In the Company of Women, Sílvia Munt aktoreak (Bartzelona, 1957) zuzendutako bigarren film luzea, Málagako zinema-jaialdian lehiatu zena; Elías Querejeta Zine Eskolako alumni ohia den Amat Vallmajor del Pozoren (Girona, 1996) Misión a Marte / Mission to Mars (egileak WIP Europan parte hartu zuen film honen proiektuarekin), Gijóngo zinema-jaialdian aipamena lortu zuena, Berlingo Woche der Kritik atalean erakutsi ondoren; Tetuán, Iratxe Fresnedaren (Bilbao, 1974) lan berria, hainbat jaialditan emana, hala nola Gijónen, Zinebin eta Nantesen; eta Félix Viscarreten (Iruñea, 1975) Una vida no tan simple / Not Such an Easy Life, Málagan emana.

Sail Ofizialean, Urrezko Maskorra lortzeko ariko da lehian Jaione Cambordaren (Donostia, 1984) O corno / The Rye Horn; filmak Ikusmira Berriak programan hartu zuen parte proiektu-fasean zegoela, eta Donostian eman aurretik Toronton erakutsiko da.

Víctor Ericek (Karrantza, 1940) aurtengo edizioko Donostia Sarietako bat eramango du (sari hori beretuko duen lehen euskal zinemagilea izango du), eta Cerrar los ojos / Close Your Eyes aurkeztuko digu, bakarka zuzendutako lehen filmarekin (El espíritu de la colmena) Urrezko Maskorra eraman eta 50 urte geroago.

Zabaltegi-Tabakalera sailean, bestalde, bi euskal ekoizpen emango dira: batetik, Ion de Sosaren (Urnieta, 1981) Mamántula film ertainak mundu-estreinaldia izango du; bestetik, Irati Gorostidiren (Egesibar, 1988) Contadores film laburra emango da, Cannesko Semaine de la critique atalean parte hartu eta iazko Kimuak katalogoan bildu ondoren. Gaur egun, Gorostidi bere lehen film luzea ari da garatzen, Anekumen, 2022ko Ikusmira Berriak programan eta beste mentoretza- eta merkatu-programa batzuetan hautatua.

Made in Spain sailean bildua, Upon Entry / La llegada, euskal ekoizpena duena, Alejandro Rojasek (Caracas, Venezuela. 1976) eta Juan Sebastián Vásquezek (Caracas, Venezuela. 1981) zuzendutako lehen film luzea da eta Alberto Ammann du protagonista; izan ere, gizonezko antzezle onenaren Zilarrezko Biznaga lortu zuen Ammannek Málagako zinema-jaialdian.

Gainera, Belodromoan Go!azen emango da, EiTBren gazte-telesail musikalaren hamargarren denboraldia, udazkenean estreinatu ondoren ehun kapitulura iritsiko dena.
Chinas, Arantxa Echevarríak (Bilbo, 1968) zuzendutako film berria, RTVE Galen parte izango da.

Irailaren 27an (asteazkena), Victoria Eugenia Antzokian programatutako EiTB Galan, Itxasoren estreinaldia izango da; EiTBren euskarazko fikziozko telesail berriaren protagonistak Jon Plazaola, Nerea Mazo, Itziar Atienza, Jon Mendia eta Nerea Garmendia izango dira.