Itxi

telebista

Ostiralean

Rigondeaux kubatarra, 'Boxeo Izarrak' saioan

A.A.

EITB

Bi aldiz txapeldun olinpikoa izandako boxeolariak Teon Kennedy izango du aurrez aurre.

'Boxeo Izarrak' saioa hasiera emateko, Guillermo Rigondeaux boxeolaria ikusiko dugu, Teon Kennedyren aurka egindako norgehiagokan. Boxeolari kubatarrak bi aldiz lortu du urrezko domina Joko Olinpikoetan, 2000 eta 2004 urteetan hain zuzen. 2009an hasi zen profesional mailan eta zazpigarren borrokaldirako Munduko titulua bereganatu zuen. Teon Kennedy bere aurkaria lau aldiz izan da Estatu Batuetako txapeldun.

Bigarren neurketa, Mike Jones eta Randall Baileyren arteko welter pisuko Munduko txapelketa izango da. Mike Jonesek orain arte egindako 26 borrokaldiak irabazi ditu. Randall Bailey bestea baino bederatzi urte zaharragoa da eta lau aldiz izan da Munduko gerrikoaren jabe.

Amaitzeko, Randy Caballero gaztearen azken borrokaldia ikusi ahal izango da, Rigoberto Casillasen aurka. Caballero oso gaztea da, 22 urte baino ez ditu, eta egindako 16 neurketetan nagusitu da.

Pedro Mari Goikoetxeak gidatuko du 'Boxeo Izarrak' saioa 00:10ean dago ikusgai ETB-1en ostiralean eta 23:35ean ETBKn larunbatean. Ohi denez, Manu Maritxalar izango du lagun.