telebista
Eurokopa
Vef Riga-Uxue Bilbao Basket, zuzenean, ETB-1en eta eitb.com-en
A.H.
EITB
Rigatik zuzenean eskainiko du ETBk Eurokopako norgehiagoka.
-
Vef Riga-Uxue Bilbao Basket, zuzenean, ETB-1en eta eitb.com
Astearte honetan, Vef Riga eta Uxue Bilbao Basket taldeen arteko norgehiagoka izango da ikusgai ETB-1en. Rigatik zuzenean, arratsaldeko 18:30etik aurrera eskainiko da Eurokopako partida, Asier Aranguren, Josean Aldalur eta Jokin Etxebarriaren komentarioekin. eitb.com-eko erabiltzaileek ere emanaldia zuzenean jarraitzeko aukera izango du streamingaren bitartez.
'Zu Kirolari' eta 'Tribuna Gol' saioak ETBKn
ETBKn, astearteroko hitzorduari eutsiz, 22:30ean hasiko da 'Zu Kirolari' saioa, Estitxu Fernandezek aurkeztuta. Krosa izango dute abiapuntu, igandean Elgoibarren jokatutako proba hain zuzen ere. Panorama nola dagoen aztertu ostean, Ivan Fernandezi buruzko erreportajea emango dute. Gasteiztarra Euskadiko txapelduna da, eta nabarmentzen ari da bere emaitza eta portaeragatik.
Mendiko kontuei ere helduko diete: Edurne Pasabanekin egongo dira eta Alex Txikonek Granadan egin berri duen base saltoaren gaineko bideoa eskainiko dute. Gainera, asteburuan jokatutako Hernani-Vigo errugbi partidaren laburpena izango da ikusgai.
Bestalde, 23:00etan hasiko den 'Tribuna Gol' saioak Real Madril eta Valentziaren arteko Kopako partidaren laburpena eskainiko du, Txemi Galarragaren eta Agustin Benitoren kontakizunarekin.