Itxi

telebista

Sukaldaritza

'Txoriene' sukaldaritza saioa prestatzen ari da ETB maiatzerako

A.E.

EITB

ETB-1en emango da egunero Xuban Intxaustik aurkeztuta. Euskal Herriko gastronomia sarea osatzen duten jatetxeetako sukaldari baten bisita izango du astero saioak.

0:22

ETB 'Txoriene' sukaldaritza saioa prestatzen ari da maiatzerako. Xuban Intxausti izango du gidari eta Alberto Arizkorreta zuzendari, ETB-1en egunero izango den saioak. Astero, sukaldari baten laguntzaz, jaki ezberdinak prestatuko dituzte.

Euskal Herriko gastronomia sare indartsua osatzen duten jatetxe eta sukaldariak izango dira protagonista saio honetan. Garrantzitsuak, dena dela ere, Euskal Herriko gastronomia esparrua ehotzen duten %90a direlako, saioaren arduradunek dioten legez. Eurek dira hemengo gastronomiaren muin eta funtsa, eta euren lanari bultzada ematea da asmoa. Nola lan egiten duten erakutsi, non ikasi duten, eta jatetxearen nondik norako guztiak jakinarazi nahi dituzte.

Bederatzi astez egongo da telebistan euskarazko sukaldaritza saioa. Bederatzi sukaldari, beste horrenbeste jatetxeren gidari. Denetarikoak izango dira sukaldariak eta jatetxeak, euskal gastronomiaren oinarri sendo eta aberatsaren erakusleiho izango baita 'Txoriene'.

Atal bakoitzaren aurkezpena gonbidatutako sukaldariaren jatetxean egingo dute; sukaldariaren giroa eta bere ingurukoak ezagutarazteko. Eta, ondoren, saioan bi plater prestatuko dituzte. Sukaldariak bere platererik ezagunenak prestatzeko aukera izango du aste guztian. Saioko bi jaki egingo dituzte: bata laburra eta bestea landuagoa.

Aste guztian lagun izango dituen sukaldariaren jarraibideak kontutan hartuko ditu aurkezleak. Xubanek ikasi egin nahi du eta galdera asko egingo dizkio sukaldariari, bera bezala jakin eta ikasi nahian dabiltzan ikus-entzuleentzat.

Horrez gainera, egunero telefono dei bat ere sartuko da saioan. Sukaldariaren inguruko norbaiten telefono deia izango da, haren sekretuak agerian jartzeko asmoz.