telebista
Gaur
'Bost Baietz!' Julian Iantzik aurkeztutako lehiaketaren atal berezia
A.E.
EITB
Kalea eszenatoki duen lehiaketa Iruñean izango da, Korrika bertatik pasatzen dela aprobetxatuz.
Gaur, 21:15ean, 'Bost Baietz!' saioaren atal berezia estreinatuko du Euskal Telebistak. Julian Iantzik aurkeztutako lehiaketa izango da eta kalea izango du eszenatoki.
Kaleak, plazak edo azoka guneetan egingo dute 'Bost Baietz!' lehiaketa. Julian Iantzi Iruñan izango da, Korrika bertatik pasatuko dela aprobetxatuz. Hainbat lehiakide harrapatu eta galderak egingo dizkie, eta hauek dirua irabazteko aukera izango dute. Denetarikoak izango dira gaiak, baina hiriarekin, Korrikarekin eta Euskal Herriarekin lotura izango dute batez ere.
'Bost Baietz!' lehiaketan Julian Iantzi aurkezleak, bost minututan, Iruñeko zoko ederrenak ikusten dituzten bitartean, galdera sorta luzea egingo die parte hartzaileei. Lehiakideak zuzen erantzun beharko ditu beti itaunak, irabazi nahi badu. Bakarrik erantzun dezake, baina ondotik pasatzen den edonori ere laguntza eskatu diezaioke. Hitz egiteko eta eztabaidatzeko aukera izango du, beti denbora ahitzen ari dela kontutan izan beharko du. Galderak zuzen eta denbora arinen erantzuten dituen moduan, asti gehiago izango du, eta diru gehiago irabazteko aukera.
Bost minutuko erronda amaitu ondoren, lehiakideak bi aukera izango ditu: dirua bikoizteko jokoan jarraitu edo ordura arte irabazitako diruarekin planto egin. Dirua bikoizteko Julian Iantzik proba erraz, arin eta entretenigarri bat egitea proposatuko dio Iruñetik barrena. Denbora mugatua izango du proba egiteko; galtzen badu, ez du ezer ez eramango.
Saio berezi honetan, 'Bost Baietz!'ek hainbat lehiakide izango ditu. Lehenengo lehiakidea pertsona ezaguna izango da, bai hirian eta bai Euskal Herri osoan ere. Alde Zaharreko kaleetatik barrena gidatuko gaitu lehiakide honek, gainera, Korrika pasatzeko zain dauden bitartean. Saioaren bukaeran, Julianek Korrikaren lekukoa eramango du.
'Bost Baietz!' gaur izango da ikusgai, 21:15ean.