Itxi

telebista

14. atala

Badoa Armada, Puma taldeko kide berezia

Puma taldeko gazteenak abentura utzi du min hartuta zegoelako. Condor taldeak Patagoniako rodeoaren jokoa irabazi zuen 14. atalean.

  • Badoa Armada, Puma taldeko kide berezia

    Badoa Armada, Puma taldeko kide berezia

Bazirudien "El Conquistador del Fin del Mundo" saioaren edizio honetan gauza handiak egingo zituela Aitor Armadak. Gaztea eta atsegina da, gazteleraz hitz egiteko zailtasunak zituen, eta hasieran adeitsua eta umila zen. Halere, azkenaldian ahul zegoen, makal, saminduta. Baziren egun batzuk abentura utzi nahi zuela. Eta azkenik, gosea eta lesioak (Azkena rodeoaren jokoan egin zuen) Zornotzako "basajauna"ren akabera izan ziren. Bere taldekideei kalte egin gabe joan zen, eta albokarekin "Martxa baten lehen notak" jo zuen alde egin aurretik. Ia mugitu ezinik zegoen, baina bere taldekideek duelua eginda joateko arriskurik ez zutela jakin zuen arte ez zuen joateko erabakia hartu. Blancaren euskarrietakoa zen Zornotzarra, eta orain Jauregi besterik ez zaio gelditzen kapitainari. Baina Jauregik bere indarren % 20a besterik ez du. Ea nola egiten dion aurre ertzainak kanpamentu oso txiroko bizitzari. Izan ere, oraindik ez dute jokorik irabazi eta janaririk gabe daude.

Argi dago orain arteko bederatzi edizioetatik hau dela emakumeen protagonismo handiena duena. Gizonak baino gogorragoak dira aurtengo emakumeak, eta hobe egiten diete aurre lehiaketaren kolpeei. Puma taldeko neskak horren adibide garbia dira. Diana, Karen, Agate, Alex eta Naty eredua dira Patagoniako reality gogor hau jarraitzen dugunontzat.

Irabazteko aukera handiak bazituzten ere, Puma taldekoek immunitate jokoa galdu zuten. Agate, Armada eta Jauregi saiatu ziren irabazten, baina hainbat kolpe hartzea besterik ez zuten lortu. Gogorrena Armadak hartu zuen, eta guztiok dakigu nola bukatu zen bere abentura.

Berriz ere hanka sartu zuen Blancak. Eskiatzaile madrildarra ez da kontzentratzen lehiatzeko unea heltzen denean, eta erabaki okerrak hartzen ditu. 14. atalean Oskar aukeratu zuen Iñaki aukeratu ordez immunitate jokoan parte hartzeko. Puma taldeko kideek rodeora ahulenak bidaltzea erabaki zuten, baina Blancak abeltzain nafarra aukeratu zuen.

Puma taldeen bileran, Condor taldekoek berriz ere Natyri eman zioten immunitatea. Gorriak animatzen saiatu zen Julian, baina egoera larrian daude kanpamentu oso txiroan. Mirari batek besterik ezin du egoera aldatu eta Puma taldearen hondamendia geldiarazi.