telebista
Estreinaldia
'Ya queda menos' umore-saioa gaur hasiko da ETB-2n
Oscar Terolek eta Sara Gandarak asteko aktualitatea umorez aztertuko dute.
-
'Ya queda menos' saioko lantaldea. Argazkia: EITB.
'Ya Queda Menos' saioa gaur estreinatuko dute ETB-2n, 22:15ean. Asteko aktualitatea umorez errepasatuko dute 45 minutan. Euskaldunontzat garrantzitsuak diren berriak izango dituzte hizpide batez ere. Orio ekoiztetxeak eta ETBk ekoiztutako lana Oscar Terolek eta Sara Gandarak aurkeztuko dute. Sara Gandarak asteburuan 'Eguraldia' aurkezten du ETBn.
Platoko aurkezpenekin batera, umore esketxak eta pertsonaiak hezurmamituko ditu aurretik 'Vaya Semanita' eta 'Al Rescate'n ikusi dugun aktore talde ezagunak: Asier Hormaza, Miriam Cabeza, Iker Galarza, Humberto Gutierrez, Santi Ugalde eta Maribel Salas. Umorea egun-eguneko berri gordinei aurre egiteko antidotoa dela gogoratuko digute. Guzti horiekin batera, Iñigo Agirrek kazetari-zirikatzaile edo akuilari lana egingo du. Kaleko ahotsa eta politikoena jasoko du.
Euskal azentua duen umore kritiko, satiriko eta apurtzaileak beteko du ostegunetan telebista pantaila. Agintari politiko hurbilenak izango dituzte ikusmiran. Euskal gizartean pil-pilean dauden gai hika-mikatsuei erreparatuko diete: Bilduk bultzatutako Atez Atekoa, aurrekontuak edo bakearen gaia, esate baterako. "Urkullu lehendakariak bilatzen duen bufoiarena egingo dugu", dio Oscar Terol zuzendariak.
Nazioartean eta estatuan albiste diren gaiak ere jorratuko dituzte. Atal eta sail ezberdinetan arituko dira gai horien inguruan: deabruaren abokatuari eskainitako atalean, adibidez. Abokatu batek gizartearen epaiketa galdu duten pertsonaien defentsa egingo du. Lehen saioan, Urdangarin epaituko dute.
Horrez gain, ikerketa-erreportajeak, politikoen imitazioak eta beste atal askok osatuko dute saioa. Astearen beldurrak tartea izango dute, esaterako. Bertan, informazio kontsumitzaileak garen unetik ditugun beldurren zerrenda osatuko dute. "Politikoki zuzenaren marra zapalduz eta jefeak ohera joaten direnean hura gaindituz, arituko gara", dio Terolek. "Kroniko bihurtzeko arriskua duen zenbaki gorridun aktualitate grisaren umorezko biñeta izango da 'Ya Queda Menos' saioa", erantsi du.