Itxi

telebista

22:15ean

'Gernika bajo las bombas' tvmovie-a, gaur gauean, ETB2n

A.H.

EITB

Bonbardaketa oinarri hartuta, Luis Mariasek zuzendutako fikziozko telesail laburrak, besteak beste, Aitor Mazo, Marc Clotet, Sara Casasnovas eta Pep Tosar aktoreak ditu protagonista.

  • Gernikako bonbardaketaren inguruko tvmovie-a

    Gernikako bonbardaketaren inguruko tvmovie-a

Gernikako bonbardaketaren 77. urteurrena dela eta, Gernika bajo las bombas Luis Mariasek zuzendutako telesaila eskainiko du ETB2k, gaur gauean, 22:15etik aurrera.

Bi ataletako tvmovie-a da, eta bakoitzak 75 minutuko iraupena du. Elkarren artean lotura duten hainbat istorioren berri ematen digu filmak, eta horietako batzuek benetako pertsonaia historikoak dituzte oinarri. Beste batzuek, berriz, fikziozkoak. Kontakizun horien arteko lotura Kondor Legioak 1937ko apirilaren 26an Gernikan egin zuen eraso ikaragarria da.

Marc Clotet, Aitor Mazo, Lander Otaola, Teresa Calo, Egoitz Sanchez, Sara Casasnovas, Roberto Alvarez, Antonio Dechente, Pep Tosar eta Ramon Barea dira bertan lanean aritu diren aktoreetako batzuk. Une eta garai zehatz hartako Gernikako gizartearen isla izan nahi du lan honek, eta gerrak uzten dituen ondorio lazgarriak erakutsi nahi ditu.

Elkarren artean lotura duten hainbat istorio

Elkarren artean lotura duten hainbat istoriok osatzen dute filma. Horietako batek 17 urteko Txato du protagonista, guraso langileen seme immigrantea. Jesusek, Txatoren lagun minak, berriz, familia karlista du. Txato Marinaz maiteminduta dago. Neskak, ordea, Angel du gogoko; gazte bihurri eta Miarritzera ihes egin duen familia aberatsaren semea.

Hau jazotzen den unean bertan, Mola jenerala, Espainiako Iparraldeko erreboltarien burua, Bilbon sartzeko plana lotzen ari da. Von Richtofen koronela, Kondor Legio alemaniarraren burua, haren aginduetara dago.

Azkenik, kanpoko begirale batek, George Steer berriemaile britainiarrak (errepublikanoen aldekoa eta horien kausaren defendatzailea), ere badu zer esanik.

Gernika bajo las bombas telesaila gaur, 22:15etik aurrera, izango da ikusgai, ETB2n.